Itxi

Albisteak

Ostiralean

Armagabetze egunaren bezperan, 'Faktoria' albistegi berezia, Baionatik

ERREDAKZIOA

Gonbidatu ugari eta anitzen ahotsak bilduko ditu Maite Artolak eta bere lantaldeak.

Ostiralean, ETAren armagabetze egunaren bezperan, Baionatik egingo dugu 'Faktoria' albistegia, Maite Artolak gidatuta. Larunbaterako iragarritako ekitaldiaren harira, eragileen eta hainbat protagonistaren iritziak bilduko dituzte.

07:00etan hasiko da saioa, eguneko albiste nagusien errepasoa eginez. 08:00etan, Maite Artolak hartuko du albistegiaren gidaritza Baionatik. Korrika non dabilen jakin eta gero, Mixel Berhokoirigoin ekintzailea eta Mixel Etxebest Mauleko auzapeza izango dituzte. Ondoren, solasaldia izango da. Aurreko horiez gainera, Rufi Etxeberriak, Jose Felix Azurmendik eta Andoni Unzaluk hartuko dute bertan parte. Saio horretarako propio bildu diren hainbat eta hainbat protagonistaren ahotsak ere jasoko ditu 'Faktoria' bereziak: Maixabel Lasa eta Axun Lasarenak, besteak beste.

10:00etatik 13:00etara, berriz, Manu Etxezortuk hartuko du lekukoa, eta magazinak egingo du bidea. Lehen-lehenik, Korrikari egingo diogu tartea, baina Uruguaitik, hango Salteraindarrak ibili baitira lasterka. Jarraian, Mikel Gartziak eta Jurdan Arretxek asteko titularrak aztertuko dituzte. Kirol aurrerapena egin ondoren, Urdaibai Bird Center zentroarekin bat egingo dugu, Edorta Unamunorekin hitz egiteko.

11:00etan, Jon Rahm fenomenoaz ariko gara haren golf irakasle izandako Asier Arretxerekin. 11:30ean, Korrikaren berri emango digu Jon Sanchezek. Garbiñe Agiriano psikologoaren tartea zabalduko dugu gero, amesgaiztoez hitz egiteko. Ordua amaitzeko, 'Ongi Etorri Guernica 2017' ekimena ezagutuko dugu.

12:00etan, Euskal Herriko Itzulia nola doan jakingo dugu Arritxu Iribar lankidearen ahotsean. Gainera, Ane Muñozen zinemarako proposamena entzungo dugu, eta zinema-aretoetan ikusgai izango diren lanen berri ere jasoko dugu.

07:00etatik 13:00etara arituko da lanean 'Faktoria'.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Euskadi Irratia