Itxi

Faktoria

Sydneytik lekukotza

'Australiarrak ez daude ohituta egoera hauetara'

Amaia Sanchez beasaindarrak Sidneyko bahiketa lekutik oso gertu du bulegoa. Bertatik ikusi duena kontatu du Euskadi Irratian.

Bahiketa lekutik oso gertu bulegoa du Amaia Sanchezek, eta Euskadi Irratia berarekin bat egin du lantokitik zer ikusi duen lehenengo pertsonan ezagutzeko. Amaiak esan duenez, 'australiarrak ez daude ohituta egoera hauetara, gehienek pentsatzen zutelako ez zitzaiela beraiei halakorik gertatuko'.

'Faktoria' saioan kontatu duenez, 'jendea izututa dago' eta Australiako medioak etenik gabeko jarraipena egiten ari dira. Komunikabideen arabera, Lind txokolate-dendara gizona pistola batekin sartu eta 40 pertsona inguru bahituta hartu ditu. Bestalde, Sydneyko opera jendez hustu dute pakete susmagarri bat zegoelako. Horren ondorioz, negozio gunea segurtasun indarrek hartu dute eta bulego eta dendak ixtea gomendatu dute.

Horien artean dago Amaia Sanchez beasaindarra. Bahiketa gertatu eta bi ordura bulegoa ixtea erabaki du, batez ere, 'ikasleekin lan egiten dutelako eta gehiengoa Sydneyko negozio guneko eskoletan ikasten dutelako'.

Hala ere, hiriaren erdigunetik urrundu ahala egoera lasaiagoa dela kontatu du Amaiak, nahiz eta albisteak 'jendea lekuz kanpo' harrapatu duen.