Mundua -

Bahiketa Australian

Hiru pertsona hil dira Sydneyn, Poliziaren erreskate operazioan

Hildakoen artean bahitzailea dago. Gainera, beste lau pertsona zauritu egin dira.

Poliziak bahiketa gertatu den lekuan. Argazkia: Efe
Poliziak bahiketa gertatu den lekuan.
Hiru lagun hil dira Sidneyko bahituak askatzeko operazioan

2:00

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Australiako Poliziak amaitutzat jo du Sydneyko kafe-etxeko bahiketa, gizon batek 30 pertsona inguru atxiki eta 16 ordura, bertako hedabideek jakinarazi dutenez.

Agenteak lokalean sartu, eta bahituak askatu egin dituzte. Poliziak berak baieztatu duenez, hiru pertsona hil dira erreskate operazioan, tartean bahitzailea, eta beste lau zauritu dira.

Antza denez, bahitzailea Iranen jaio zen, eta Manteghi Bourjerdi izena jarri zioten, baina 1996 urtean Australiara joan zen, eta, bertan, Man Haron Monis izena hartu zuen.

Bahiketa Martin Placeko txokolategi batean gertatu da. Hiriko merkataritzagune handienetako bat da Martin Place, eta bertan daude hiriko finantza-erakunde garrantzitsuenen egoitzak.

Poliziak azaldu duenez, "zehaztu gabeko pertsona kopuru bat" zeuden atxikita. Kafetegiaren arduradunen arabera, 40 ziren bahituak: 10 langile eta 30 bezero.

"Ekintza terrorista baten aurrean gaudela uste dugu", adierazi zuen Andrew Scipione Poliziaren ordezkariak.

Bahituetako bik, langile batek eta bezero batek, bandera beltz bat erakutsi dute kafetegi barrutik. Arabieraz idatzitako testu bat du bandera horrek, mezu honekin: "Ala da Jainko bakarra, eta Mahoma da Jainkoaren mezularia".

Bahitzailearen eskakizunak

Bahitzaileak bideo bat helarazi zieen hedabideei, bere eskakizunen berri emateko, baina Poliziak bideoa ez zabaltzeko eskatu du.

"Ten Newsek jasotako bideo batean, Lindt kafetegian bahituetako batek armadun gizonaren eskakizunak azaldu ditu. Poliziak eskatuta, ez dugu zabalduko", adierazi du Hugh Rimington kazetariak. "Hegoaldeko Gales Berriko Poliziak Lindt kafetegiko gizon armadunaren eskariak ez zabaltzeko eskatu digu guri eta beste hedabide batzuei. Agindua beteko dugu", gaineratu du.

"Arrazoi politikoak"

Tony Abbott lehen ministroak, bere aldetik, bahiketa "arrazoi politikoengatik" egin dela esan du.

"Ikaragarria da aldarrikapen politikoak egiten dituen gizon batek herritar errugabeak atxikita edukitzea", adierazi du Abbottek polizia-etxe batean egindako agerraldian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak 2024 Delituak azken ordukoa Bahiketak argazkiak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Australia albisteak