Faktoria
Minbizia
Eman ilea kimioterapiak ilerik gabe utzi dituenentzat
B.F
EiTB
Donostiako 'Beta' ileapaindegiak eta Usandizaga Institutuak elkarlanean egin duten proiektu honi esker, ilerik gabe gelditu direnei laguntzeko aukera izango duzu, 9 eurotan.
Hiru lagunetik batek minbizia izango du bizitzan, Sociedad Española de Oncología erakundearen datuen arabera. Datuak kezkagarriak diren arren, inoiz baino medio gehiago dituzte gure medikuek minbiziari aurre egiteko. Gaur egun, erregistratzen diren kasuen %60a sendatzea lortzen dute osasun zerbitzuek.
Minbiziaren Nazioarteko Egunaren bezperan, Donostiako Usandizaga Institutuak martxan jarri duen ekimenaren berri izan dugu ‘Faktoria’n, Leire Altadil ikaslearen eskutik. Institutuak eta ‘Mechones Solidarios’ek elkarlanean egin duten proiektu honetan, minbizia izanda peluka ordaintzeko dirurik ez dutenentzat ilea batzea lortu nahi dute.
Ileorde hauek egiteko, Donostiako Grosen dagoen ‘Beta Estetika Zentroa’ren laguntza jaso dute Usandizaga Institutuko ikasleek. Zentro honetako Laura Irure ere gurean izan da, ileordeak egiteko prozesua azaldu eta ekimenak izan duen harrera positiboaz mintzatzen.
Nola parte hartu?
Proiektuan parte hartu izanez gero, Groseko Beta zentrora hurbiltzea baino ez duzu. Bertan, ilea moztuko dizute, 9 eurotan. Leirek azaldu digunez, 9 euroetatik 6 ‘Kantxalin’ elkartearentzat izango dira eta beste 3 euroak, moztutako ilea tratatu eta ileordeak egiteko erabiliko dira.
Elkarrizketatuek adierazi digutenez, baldintza bakarra bete beharko dute ile emaileek: 20 zentimetrotik gorako ile zatia moztea. Ekimenean parte hartu ahal izateko epea martxoaren 4ean amaituko da.
ko da.