Itxi

Faktoria

Martxoak 3

'Lehentasuna errudunak auzitara eramatea da, erregearengandik hasita'

B.F.

EiTB

Martxoaren 3ko gertakarien 40. urteurrenean, egun horretan Zaramaga auzoan zeuden bi biktimen testigantza entzun dugu 'Faktoria'n.

  • Martxoak 3

    Martxoak 3

Gasteizen martxoaren 3an gertatutako sarraskien 40. urtemugan, bertan egon ziren Josu Ormaetxea eta Bego Oleaga eta Pedro Mari Martinez hildakoaren iloba izan ditugu gonbidatu ‘Faktoria’n.

“Sarraskia da hau”, “ mila tiro baino gehiago bota ditugu”. 1976ko martxoaren 3an Espainiako Polizia Armatuaren barne komunikazioko elkarrizketetan horrelakoak entzun zitezkeen.

Hiru hilabete greban igaro ostean, Gasteizeko 5.000 langile inguruk asanblada antolatu zuten Zaramaga auzoko San Frantzisko elizan. Asanblada hasi aurretik, eliza inguratzen duen plazan zeuden langile eta grebalariak. Poliziaren sirena-hotsak entzun bezain pronto, elizara sartu eta pilatzen hasi ziren langileak.

Une horretan, Pedro Mari Martinez Ocio Zaramagako etxebizitza batetako bosgarren solairuan zegoen Inma bikotekidearekin. Bertan zeudenen oihuak entzunda, balkoira irten zen bikotea eta poliziaren lehen kargak ikusi zituzten. Pedro Mariren bi anaiak San Frantzisko eliza inguruetan zeuden eta gertatuko zenaren beldur, plazara jaistea erabaki zuen. Etxetik atera eta elizara gerturatzean, polizia batek bost metrora egin zion tiro eta bertan hil zen. Honela kontatu digu ‘Faktoria’n Naroa Martinezek bere osaba hil zuteneko unea.

Josu Ormaetxea Zaramaga auzoan zegoen 1976ko martxoaren 3ko goizean. Poliziaren bertsioak dionaren kontra, Josuk tiroketak goizean hasi zirela nabarmendu izan nahi du ‘Faktoria’n. Izan ere, goizean tirokatu zuten Josu Ormaetxea masailean. Gainera, poliziaren barne komunikazioko audioetan 1.000 tiro bota zituztela entzun daitekeen arren, 2.000 tirotik gora izan zirela esan digu Josuk. Zaurituen kopuruan ere, bertsio ofiziala gezurtatu nahi izan du. Berak argitu digunez, 100 lagun inguru zauritu zituzten balaz, eta jipoi eta gasen ondorioz zauritutakok 1.000 inguru izan ziren.

Bego Oleaga eliza barruan zeuden 5.000 lagunetako bat da. Biziki gogoratzen ditu kaletik zetozen bala-hotsak eta oihuak. Jendea aztoratzen hasi zenean, elizatik irteteko premia sentitu zuen Begok. Baina, ‘Faktoria’n kontatu digunez, ezinezkoa zen poliziak jaurtitako gasekin ezer ikustea. Onik ateratzea lortu zuen arren, ez zaizkio errez ahaztuko bertan ikusi eta entzundakoak.

Justizia bila

Martxoaren 3ko gertakizunetatik 40 urte pasatu diren honetan, Maria Servini epaile argentinarraren esku dago kasuaren ikerketa. Ustezko arduradunak bilatzeko prozesua hasita badago ere, Gorka Urtaran alkateak aurrerapausoa eman nahi izan du. Izan ere, bestelako alderdien babesa lortuz gero, gertakizunen ustezko arduradunen kontrako kereila jartzea proposatu du egunotan.