Faktoria
Maialen Beloki
'Euskarazko zinemak loraldiari eustea ikaragarri ona da zinemaldiarentzat'
Eneko Sagardoi eta Joseba Usabiaga Handia filmako protagonistak erabat beteta utzi ditu azken emaitzak. Zinemaldiko zuzendariordeak uste du lan horrek "ondo eutsiko" diela espektatibei.
-
22:10 min
65. ekitaldiaren atariko egunak azken ordukoak lotzen ematen dituzte Zinemaldiko antolatzaileek. Tarte bat hartuta egin du 'Faktoria'ra bisita Maialen Beloki zuzendariordeak. "Hasteko gogoz" daude, aurreko hilabete luzetan egindako lanak "denetariko eskaintzak" eta zinezaleak asetzeko modukoak ekarriko dituela sinistuta. "Beti esaten digute hautapen batzordekoak tristeak garela eta dramara jotzen dugula" eta horregatik ekarri dituzte aurten hiru komedia sail ofizialera.
Horien artean lehiatuko da Handia filma. Eneko Sagardoi eta Joseba Usabiaga protagonistekin ere hitz egin dugu eta azaldu digute erabat beteta utzi dituela pantaila handiko emaitzak. Maialen Belokik gehitu du, Loreak filmarekin alderatuko dutela ikusleek baina Altzoko handiari buruzko filmak "ondo eutsiko diela" espektatibei. Euskarazko zinemaren loraldiak "eutsi egiten diola" erakutsiko du aurtengo ekitaldiak ere, eta hori "zinemaldiarentzat ikaragarri ona da", Belokiren arabera.
Fe de etarras lanaren iragarpen modura Netflixek egin duen iragarkiari buruzko polemikak zinemaldia zipristinduko uela uste du ("hitz egingo da bai"), baina gogoratu du internet plataforma horrek ohikoa duen markting lerroa baino ez dela eta etorriko dela egoera bere onera. "Hainbeste sufrimendu eragin digun kontua umorez ikusi litekeela defenditzen dugu", berretsi du.