Faktoria
Oihan-txiki kooperatiba
'Etorkizuneko gure saltoa zen esne gordinez egindako Aiako gaztena'
Listeria bakteriaren jatorria aztertzeko buru-belarri ari dira Oihan-txiki kooperatibako Aiako lantegian. Lanean jarraituko dute, apustu estrategikoa zuten horretan
-
4:51 min
Oihan-txiki kooperatiba joan den ostiralaz geroztik ari da toxikatzea eragin duen listeria bakterioaren jatorria zehazteko lanetan. Joseba Beitia kooperatibako kideak 'Faktoria'n azaldu digunez, zehaztu beharra daukate "kanpoko kutsatze bat ote den, animalietatik etorri ote den edo garraioan eta prozesuan izan ote den kutsatzea. Atzera egin behar dugu eta jatorria aurkitu, lanean aurrera egiteko". Azaldu duenez, hilabete luzetako lana izango da, baina zorrotz egingo dute prozesu hori, gaztagintza mota horretan aurrera jarraitzeko.
Oihan-txiki kooperatiba Orexan sortu zen eta han du bere egoitza nagusia: jatorri izendapeneko ardi gazta egiten dute bertan. Baina orain urtebete hartu zuten Aiako gaztandegia, "han gaztak egiteko zegoen modu bati segida emateko". Beitiak azaldu duenez, gazta bereziak dira, hezetasun handikoak eta esne gordinarekin lan egiteak sortu ditu arazoak. "Etorkizuneko gure apustua zen", zehaztu digu.
Jakina denez, Aiako planta horretan ekoitzitako hiru gazta marka erretiratu dituzte merkatutik Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Elikagaien Segurtasunerako Agentziak Madrilen pertsona bat listeria bakterioarekin kutsatuta, minigitiaz gaixotu ondoren. Gutizia, txuria eta beltza dira erretiratutako gazta freskoak eta Jaurlaritzak gomendatu du ez kontsumitzeko produktu hauetakoren bat, eta kontsumitu dutenek sintomaren bat antzematen badute, erietxera joan daitezela.
Toxikazioa kontrolatuta dagoela eta produktuak merkatutik erretiratuta daudela gogoratu du era berean, Beitiak. Eta errepikatu du, Idiazabal jatorri izendapeneko Oihan-txikiko gaztek batere arriskurik ez dutela.