Faktoria
Eguneko efemeridea
Espainiar gripearen, munduko azken izurrite handiaren, mendeurrena
1918ko udaberrian agertu zen gizateria astindu zuen azken izurrite handia. Munduan 40-50 miloi pertsona artean hil zituen; Euskal Herrian soilik, 15 mila pertsona hil zituela uste da.
-
3:42 min
Espainiar gripea gizateriak ezagutu duen azken izurrite handia izan zen. Anton Erkoreka doktore eta EHUko irakaslea eta medikuntza historiaren euskal museoko zuzendariaren arabera, gaitzak ez zituen guztiak berdin jo, gaixo kopurua antzekoa izan arren, heriotza tasa txikiagoa izan zen Europan, Asiarekin alderatuz esaterako. Eta nola sortu zen Espainiar gripea? Amaitzen ari zen Lehen Mundu Gerrarekin zuzenean lotutako gaitza da, are gehiago, gerra gabe ez zen horrelako pandemiarik sortuko… hasi ere soldaduen kanpamentu batean hasi zela uste da.
1918ko udaberrian lehen agerraldia izan zuen gaitzak baina jende gehien urte hartako udazkenean hil zen, uda hartan izandako mutazio batean ostean. Mundu mailako gaitza izanda eta Espainian ez zela sortu jakinda, zergatik Espainiar gripea? Bada, lehen agerraldia Espainian izan zelako. Mundu osoan 40-50 milioi pertsona hil zituen gaitzak, 100 biztanletik 3, gutxi gorabehera. Euskal Herrian, 15.000 hildako inguru izan zirela aipatu digu Anton Erkorekak.
Pandemia arriskua ez da desagertu baina orain prestatuta gaude, hori da aldea Erkoreka doktorearen ustez. 100 urtean medikuntza zenbat aurreratu den seinale ere bada espainiar gripearen mendeurrena.