Faktoria
Nagore Laffage gogoan
Arantzazu Urreaga: 'Hamar urte pasa dira, eta berdin segitzen dugu'
2008. urteko San Fermin jaietan Jose Diego Illanesek hil zuen Nagoreren lehengusuarekin hitz egin dugu, 'La Manada' kasuaren epaiaren harira.
-
8:58 min
Sexu abusu jarraitua bai, baina ez sexu erasoa edo bortxaketa. Notizia ezaguna da. Epai hori eman du Iruñeko auzitegiak 'La Manada' izenez ezagutzen den kasuan eta 9 urteko espetxe zigorra ezarri die 5 auzipetuei.
Delitua sexu erasoa izan zela ebazteko biktimak indarkeria edo intimidazioa jasan zuela frogatu behar da eta epaiak ez du hori frogatutzat jo. Biktimak beldurtuta jarrera pasiboa hartu zuela dio eta frogatutzat jotzen du akusatuak nagusitasunaz baliatu zirela sexu abusu horiek egiteko. Epaiaren kontra, helegiteak iragarri dituzte biktimaren abokatuak eta gainera herri akusazio izan diren Iruñeko Udalak eta Nafarroako gobernuak ere. Hiru epaileetatik batek, gainera, botu partikularra eman du absoluzioa eskatuz akusatuentzat, neskaren keinuetan sexu exzitazioa ikusi duela dio botu partikular bidez. Epaile honen iritziari helduko dio helegitea jartzeko akusatuen defentsak. Bi hilabeteko epea dute aldeek horretarako.
Haserrea, sumindura ikusi ditugu kalean… sententziak milaka pertsona kalera atera ditu Euskal Herrian eta estatuan. Protesta jendetsuak izan dira hiri eta herrietan… bereziki deigarria… Iruñeko udaletxe aurreko plazakoa.
Kasu honetan epaileek hartu duten erabakia jakinda, Nagore Laffagerekin akordatu gara. 2008. urteko sanferminetan Jose Diego Illanesek hil zuen Nagore. Bere ama, Asun Casasola, Iruñean bertan auzitegiaren aurrean egon zen atzo epaiaren irakurketaren esperoan, eta garbi esan du: “Nire alabaren, Nagoreren, historia errepikatu egin da, ez dago justiziarik”. Nagore Laffage zenaren kusi Arantzazu Urreagarentzat ere sententzia hau ere oso injustua da, "badirudi gauza askotan aurrera egin dugula, baina honetan ez. Hamar urte pasa dira, eta berdin segitzen dugu", nabarmendu du 'Faktoria'n.
Nagore Laffageren kasuan herri epaimahai batek erabaki zuen, eta horri lotu zitzaion epaia Jose Diego Yllanesen aldekoa izatea. Oraingoan epaileak izan dira erabakia hartu dutenak eta Arantzazuk esan digu, pertsonalki, beste epai bat espero zuela. Hain zuzen ere, epaimahai profesional bat izan dela Manda kasua epaitu duena eta, gainera, Laffageren kasuan ez bezala, "kasu honetan badago pertsona bat esan duena zer gertatu zaion eta ematen du entzun zaiola eta aintzat hartu dutela, baina gero, ez dela epaian islatu", diosku Arantzazuk eta gaineratu du ez duela ulertzen epaileen legearen interpretazioa: "Hau erokeri bat da, nire ustez. Intimidazioa egon zela, baina ez... bortxaketa izateko biolentzia ez zela egon... Hil egin behar dute? Hori bakarrik al da biolentzia?"
Kasu honetan, epaileek ez dute neskaren partetik erresistentzia nahikorik ikusi, eta horregatik ez dute bortxaketa ikusi… Aldiz, Nagoreren kasuan, erasotzaileari aurre egitea izan zen hilketaren detonatzailea. Arantzazuk argi hitz egin du: "Badirudi hori dela emakumeok daukagun aukera. Edo aurre egin eta nire lehengusua bezala hortxe gelditu edo biziraun."
Nagore Laffageren familiarentzat euren senitartekoaren erailketaren oinazea gogorarazi dien arren, kasu honen alde on bakarra jendearen partetik jaso duten babesa izan dela nabarmendu du, halaber, Arantzazuk: "Momentu horretan tokatu zitzaigun ezagutzea gizakiaren okerrena eta, horren pare, gizakiaren onena, elkartasunean. Urtero bizi dugu, Iruñean elkartzen garenean. Eta hori da onena."