Itxi

Faktoria

Eguneko efemeridea

Juan San Martin idazle, etnografo eta euskaltzaina gaurko egunez hil zen

Duela hamahiru urte hil zen Euskal Autonomia Erkidegoko lehen arartekoa izan zen eibartarra.

  • 4:17 min
imagen player
imagen player
imagen player

Poeta, idazlea, eta kazetaria. Argazkilaria, etnografoa, eta mendizalea. Euskaltzaina, eta arartekoa, ere bai. Juan San Martinen biografiak erpin asko ditu, baina abiapuntu bakarra: aparteko jakinmina zuen. Hala dio, Antton Narbaiza idazle eta herrikideak.

Eibarren jaioa, 1922an. Ama hizkuntza zuen euskara, baina soldaduskara joan zenean konturatu zen, horrek zer esan nahi zuen, benetan. Ama otxandioarrari gutunak idaztean, gaztelaniara jo behar zuela, ohartu zenean. Orduan alfabetatu zen. Autodidakta izan zen landu zituen alor guztietan. Eta asko izan ziren alor horiek. Narbaizak esan bezala, edozerri eusten baitzion.

Euskalgintzari dagokionez, lan handia egin zuen, esaterako, Arrate inguruko kantu herrikoiak biltzen. Umorea jorratu zuen, bi narrazio liburutan. Eta poema ederrak idatzi zituen, Otsalar goitizenarekin. Gaia edozein zela ere, humanismoak mugitzen zuen.

Itzal handiko beste pertsona askorekin ere izan zuen harremana San Martinek. Aita Barandiaran, Julio Caro Baroja, Jorge Oteiza… Gabriel Aresti lagunaren Harri eta Herri libururako hitzaurrea idatzi zuen. Eta harreman estua izan zuen, Koldo Mitxelenarekin ere. Hark eskatuta, Hegan aldizkariko zuzendari izan zen, 80ko hamarkadan.

Euskaltzain oso izendatu zuten 1964an, eta rol horretan, berak abiarazi zuen Martuteneko Itzultzaile Eskola: EIZIEren aurrekaria.

Horrekin guztiarekin nahikoa ez, eta Euskal Autonomia Erkidegoko lehen arartekoa izan zen, 1989tik 1995era. Bake gizona ere, bazen-eta.

Nekez egin daitezke Juan San Martinek baino gauza gehiago, ia 83 urtetan. Gaur hamahiru urte zendu zen, Hondarribian.