Itxi

Faktoria

Joseba Egibar

'Batzokietan eta kalean liberazio bat izan da Rajoy agintetik botatzea'

Aurrekontuei Senatuan zuzenketak egin aurretik PPk bere jarreraz gogoeta egingo duela uste du buruzagi jeltzaleak: 'Mendeku kaskarra litzateke'.

  • Joseba Egibar, Euskadi Irratian

    Joseba Egibar, Euskadi Irratian

    30:52 min
imagen player
imagen player
imagen player

Aurrekontuak babesteari ezezkoa eman zion Joseba Egibarrek Euskadi Buru Batzarrean baina, "exekutibatan hori normala" dela argudiatuta, babestu egin du EAJk orduan izan zuen jarrera. Hura ez bezala, aho batez erabaki zuen arduradun jeltzaleek zentsura mozioaren aldeko baiezkoa ematea eta onartu du,  militante askok bezala, bigarren erabaki horrekin egin zuela bat berak aiseago: "Batzokietan eta kaleetan liberazio bat izan da Rajoy gobernutik bota izana".

Senatuan PPk aurrekontuen onarpen prozeduran izango duen jarreraz ere aritu da GBBko presidentea 'Faktoria'ri eskainitako elkarrizketan. Azaldu du PPk eurek onartutako aurrekontuei zuzenketak egitea "mendeku kaskarra litzatekeela" eta botoa eman aurretik popularrek  "ondo pentsatuko" dutela zer egingo duten eta erkidegoetako PPko ordezkariak zein jarreratan uzten dituzten.

Pedro Sanchezekin izan dituzten harremanei buruz "hitz onak baino" ez dituztela jaso azaldu du, baina hauteskunde egutegiari buruzko konpromisoa badutela "hauteskundeak datorren urteko udala eta foru hauteskundeekin batera ez deitzeko". Kataluniari buruz eta 155. artikuluaz berriz, Sanchezek bermerik ez diela eman azaldu du Egibarrek: "Ez dut uste Sanchez horrelako konpromezurik hartzeko moduan dagoenik", iritzi dio eta gaineratu du "kataluniarrekin lagun berriak egiten hasteko ariketa txarra" egin duela Josep Borrell ministro izendatuta.

Madrileko egoera politiko berriak Legebiltzarrean akordioak zaildu egingo dituela onartu du Egibarrek, eta "prezioaz" ez baizik, "inbertsioaz" aritu da. "Nazio eraikuntza eta gizartearen eraikuntza txanponaren bi aldeak dira. Horrek eskatzen ditu akordio zabalak eta hori ez dago boto baten baitan", azpimarratu du PPri zuzenduta. Alderdi sozialistak autogobernuaren ponentzian izan duen jarrerari buruz, berriz, esan du akordiotara iristeko prestutasun falta erakusten dutela sozialistek. "Etorkizunerako utzi nahi dute erabakitzea non topa gaitezen. Baina ez dakit non jartzen duen topaleku hori PSEk", azpimarratu du.