Faktoria
Indarkeria matxista
Dekalogoa sortu du Iruñeko Udalak indarkeria sexistaren tratamendurako
Komunikabideetan eraso sexistei buruz hitz egitean morboan ez erortzeko eta informazio zorrotza eta etikoa izateko aholku sorta da.
-
10:59 min
Pandora Mirabilia generoan eta komunikazioan espezializatuta dagoen aholkularitza enpresak egin du lana, sexu erasoak eta indarkeria matxistei buruzko albisteak aztertuz. San Fermin jaiekin lotutako berriak izan dira, batez ere. Ikerketa horretak erakutsi du gaia komunikabideen agendan sartua dagoela. Hori garrantzitsua da, baina arazo batzuk ere ikusi dituzte: besteak beste, urteko garai jakin bati lotzen zaizkiela sexu erasoei buruzko albisteak, herrietako festa garaiei. Eta, batez ere, morboan erortzeko arriskua dagoela. Horregatik, kazetarientzat dekalogo bat prestatu du Iruñeko Udalak. Zaloa Basabe Iruñeko Udaleko berdintasun teknikariak azaldu dizkigu dekalogoaren nondik norakoak.
Zaloak esan digunez, “komunikabideak izan behar dira bidelagunak, emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko orduan". Horregatik, 2016an, hainbat aditurekin batera ikerketa bat abiatu zuten, komunikabideen jarduna modu egokian tresna baliagarria bilaka dadin eraso sexisten aurkako borrokan. "Zorrozki informatzeaz gain, etikoa izateko", gaineratu du.
Dekalogoaren nondiko norakoak laburki azaldu dizkigu. Lehenik, eraso sexistak ez direla isolatuak izan behar dugu kontuan; bigarrenik, "ez eman okerreko arrazoirik, okerreko ondorioak ekar ditzaketelako; biktimak babestu behar dira, kazetaritza interesen gainetik; eta iturri ofizialei garrantzi handiagoa eman behar zaiela ere azpimarratu du. Baita adituen iritziak bilatzea ere. Entzun hemen elkarrizketa osorik.