Faktoria
Eguneko efemeridea
Gaurko egunez fusilatu zuten frankistek Alfredo Espinosa sailburua
1937ko ekainaren 26an, duela 81 urte, fusilatu zuten errepublikar eta lehen Jaurlaritzako osasun sailburua.
-
6:07 min
Alfredo Espinosa errepublikar jatorriko familia batean jaio zen Bilbon. Medikuntza ikasi zuen Madrilen, eta han Alfonso XII.a erregearen eta Primo de Riveraren erregimenaren aurkako protestetan parte hartu zuen. Ikasketak amaitu eta euskal Herrira itzulita, Bilbora itzulita, Basurtuko Erradiologia saileko nagusi bihurtu zen eta 1931ko apirilaren 12an Bilboko zinegotzi hautatu zuten, II. Errepublika gainean zen.
Errepublikan goi karguak izan zituen, besteak beste Burgos eta Logroñon gobernadore zibil izan zen, eta 1936ko abuztuan, Francoren altxamenduaren ostean, Bizkaiko defentsa batzordeetan sartu zen. Urrian Agirre lehendakariak lehen Jaurlaritza osatu zuenean, Osasun sailburu izendatu zuen Espinosa. Gerra egoera zail hartan gizartearen osasun baldintzak izan zituen kezka iturri, Iñaki Goiogana historialariaren arabera.
Euskadiko Gurutze Gorriaz, gizarte laguntzaz eta Medikuntza fakultatearen sorreraz arduratu zen bere agintaldiak iraun zuen hilabete eskasetan. 1937ko ekainaren 21ean heldu zen ordea biztza aldatu zion gertaera: euskal haurrentzat ospitaleak antolatu zituen Ipar Euskal Herrian eta bueltan hegazkinez oraindik Errepublikaren eskuetan zen Santanderrera abiatu zen. Hegazkinak ordea Zarautzen hartu zuen lur. Itxura guztien arabera, Jose Maria Yanguas pilotuak saldu egin zuen, frankisten eskuetan uzteko.
Handik 5 egunera, 1937ko ekainaren 26an fusilatu zuten Gasteizen Alfredo Espinosa, duela 81 urte. Bere izaeraren erakusgarri da hil aurreko orduetan Agirre lehendakariari idatzi zion gutuna. Gutun horretan eskari bat egiten dio lehendakariari: Jaurlaritzari zaintzapean dauden presoak ez fusilatzeko. “Gu bezala pentsatzen ez dutenei diegun errespetuak bereizten gaitu”, zioen” Bezperan fusilatua zen Lauaxeta poeta gogoan honakoa ere bazioen, “Hobea da heriotza, arima galtzea baino”. Gaur egun Alderdi errepublikarrik ez dagoenez, Espinosa ahaztuxea egon dela uste du Goioganak. Hori bai 2012az geroztik Urdulizko erietxeak bere izena, Alfredo Espinosa izena du.
Merezitako aitortza errepublikar konprometitu harentzat, duela 81 urte hil zuten Alfredo Espinosarentzat…