Faktoria
Aintzane Oiarbide
'Berria okerragoa bazaie, epaitegietara ez jotzea zeukaten kamioilariek'
Gipuzkoako Diputazioko Bide Azpiegitura diputatuak esan du ez dutela Gorenak bide-sariak atzera botako dituen 'beldurrik' baina sistema 'bermatu' egin nahi izan dutela.
-
9:15 min
Aintzane Oiarbide Gipuzkoako Bide Segurtasuneko diputatuak Euskadi Irratiko 'Faktoria'n defenditu du interes orokorraren defentsan eta Europako zuzentarauek gidatuta ari direla kamioi astunen bide-sarien sistema bultzatzen eta ez du uste Auzitegi Gorenak, azken instantzian, sistema hori atzera botako duenik: 'Ez diogu beldurrik horri', esan du. Erantsi du, errekurtsoaren bideak luze jo lezakeela eta denbora tarte horretan 'sistema bermatzeko' aldatuko dutela foru araua: 'Bitartean, aurreko foru araua dago indarrean. Diru bilketa ez da eten".
Irailean onartu asmo den foru arau berria eta aldaketa praktikoak ekarriko ditu Gipuzkoako errepide lasterretara. N-1 eta A-15eko uztaien arteko tarteak zabaldu egingo dira, eta tramo motzak egiten dituzten garraiolarientzako tasak garestitu. Horren aurrean garraiolari elkarteetatik egin dituzten kexen aurrean irmo mintzatu da Oiarbide eta auzibideetara eurek jo zutela gogoratu die: 'Esaten badute hau okerragoa izango dela orain dagoena baino, gehiago ordaindu beharko dutela, beraien errua izango da, beraiek jarri baitute helegitea", iritzi dio.
Berretsi du errepideen mantenuari eutsi eta gizarte sistema bermatzeko, 'bideragarriena erabiltzaileen ordainketa dela' eta gipuzkoarrek ez ezik, atzerritarrek ere ordaindu beharra daukatela. 'Zergatik ordaindu behar ditugu bakarrik gipuzkoarrok, gure zergen bitartez, gure errepideen kalte guztia, ikusita non dagoen Gipuzkoa, nazioarteko trafiko guztia hemendik pasatzen dela eta gure errepideak hondatzen dituztela egunero-egunero? Uste dugu askoz ere justuagoa dela, gipuzkoarrekin batera, nazioarteko guztiek ere ordaintzea', amaitu du.