Faktoria
Taxien auzia
'Premiazkoa da Jaurlaritzak sektorea arautzeko eskumen osoa eskuratzea'
Janire Bijuesca Garraio Antolamendu zuzendariak azaldu duenez, Madrilek egindako proposamenak 'hutsune asko ditu'. Zehaztapenak argitu zain daude erantzuna erabakitzeko.
-
6:54 min
'Eskumen osoa eskuratuko genuela pentsatuz sartu ginen ministerioan, baina bileran zehaztu zuten esparru orokorra jarriko zutela Madrildik eta jarduera dela guk kudeatuko dugun bakarra'. Janire Bijuesca Eusko Jaurlaritzako Garraio Antolamendurako zuzendariak Euskadi Irratiko Faktorian azaldu du, Sustapen ministerioak egindako proposamenak 'hutsune asko' dituela eta zehaztapenak behar dituela Jaurlaritzak zein erantzun emango duen erabakitzeko. 'Mahai tekniko bat sortzea proposatu dute. Hori ondo dago; gu beti egongo gara aurrera begira lan egiteko prest', baina haruntzago joan beharra dagoela azpimarratu du.
Jaurlaritzak sektorea antolatzeko gaitasun osoa nahiko luke. Taxi sektorearekin osatua duen mahaiean jasotakoak behar bezala eta legez arautu ahal izango lituzke hala. 'Badakigu VTC baimenak hor daudela, bai administrazioak eman dituenak eta bai epaitegiek onartu dituztenak. Guk hori ezin dugu ukatu. Baina hori arautu egin behar da, antolatu, denak elkar bizi daitezen", esan du Bijuescak.
VTC lizentziei mugak jartzeko eskumenik ez dute erkidegoek, ez eta hirietako udalek ere; eta hain zuzen ere, horregaitik bota zuten atzera epaileek Bartzelonako Udalak VTC lizentzien ratioari muga jarriz osatu zuen araudia. Horrelakorik egin ezean, gidaridun autoen gaineko dekretua osatzera mugatuko da Jaurlaritza. Prest du jada testua eta irailean jarri asmo du indarrean. Bijuescak, azaldu duenez, neurri zehatzen artean aurreikusten du VTC autoei itsasgarriak eraman ditzaten behartzea, erabiltzaileak argi izan dezan zein zerbitzu kontratatzera doazen.