Itxi

Faktoria

Xabier E. Barandiaran

'Demokrazia arriskuan jartzen ari da inteligentzia artifiziala'

Xabier E. Barandiaran filosofoaren esanetan "auto automatikoak ohiko bihurtuko dira gure errepideetan eta haurrek laster robot adimentsu bat izango dute jolas-lagun".

  • 33:00 min
imagen player
imagen player
imagen player

Xabier E. Barandiaranek uste du inteligentzia artifizialak "bizi propioa" har dezakeela eta horrexegatik arautzea behar da, demokrazia arriskuan jartzen ari delako. Gai honen inguruan falta zaiguna politika dela dio. Erakundeak "oso atzeratuta" ikusten ditu zeregin honetan eta aldiz abantaila handiarekin ari dira korporazio handiak, big dataren bidez herritarren portaeraren inguruan informazio asko lortzen dutelako.

Bere esanetan, gizarte bezala galdetu behar diogu geure buruari ea gure inteligentzia non jarriko dugun. “Erabaki behar da ea sustatuko dugun inteligentzia kolektiboa, edo makinen esku utziko dugun”, dio. Big Datak sortzen dituen aukerak erabili behar direla uste du gobernantza demokratikoagoa eraikitzeko. Bartzelonako udalean horretan saiatu da bera, decidim.org plataforma garatuz.

"Gero eta gehiago ikusiko ditugu inteligentzia artifizialdun robotak gure eguneroko bizitzan", Barandiaranek adierazi digunez. Auto automatikoak gure errepideetan ohiko bihurtuko direla dio, urte gutxi barru haurrek robot adimentsu bat izango dutela jolasteko eta adinekoen zaintza ere roboten bidez egingo dela eguneko ordu askotan.

Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da Barandiaran, Mental Life izenburupean egin zuen doktore tesia eta ikerlari aritua da Britainia Handian, Ekuadorren eta beste hainbat unibertsitatetan. Bartzelonako udalean, hiritarren eskubide, parte-hartze eta gardentasun ataleko ikerketa eta berrikuntza koordinatzaile ere aritu da.

Arantxa Iturbek jarri dio elkarrizketari puntua.