Faktoria
A25 - Urrats zentroa
'Edozein laguntza hartu behar da, segi aurrera eta kasu egin profesionalei'
Tratu txarrak jasan dituzten emakumeak artatzen ditu Urrats zentroak. Lide Marco koordinatzailearen arabera, garrantzitsua da kasu bakoitza aztertzea, emakume bakoitzari behar bezalako arreta emateko.
-
28:32 min
Indarkeria matxistaren kontrako egunaren atarian, gaiari heldu dio Euskadi Irratiko 'Faktoria'-k. Zehazki, Lide Marco Urrats zentroko koordinatzailearekin izan da. Gipuzkoako Foru Aldundiaren harrera zerbitzua da Urrats, indarkeria edo tratu txarrak jasan dituzten emakumeak lehenbiziko momentuan artatzeko.
Marcok azaldu duenez, lehenik eta behin emakumeak entzutea da garrantzitsuena, gero beharrezko baliabideak eskaini ahal izateko. Koordinatzaileak nabarmendu du, gainera, zentrora iristen diren andreak autonomoak direla, beraiek hartzen dituztela erabakiak, eta horretarako, Urratsen lagundu eta aholkatu egiten dituztela.
Urrats zentroko profesionalen arreta jaso duen emakume batekin ere izan da 'Faktoria'. Dagoeneko zentrotik kanpo, bere esperientzia kontatu du. "Etxean bezala" sentitu zen Urratsen, eta han zeuden emakumeekin elkarbanatu ahal izan zituen bizipenak: "Ikusi nuen arazoa da hitz egiten genuela tratu txarrei buruz normaltasun batekin; guretzat gauza normalak dira, egunerokoa gauzak, baina egia esan hori ez da normala".
Halako kasuetan emakumeei eskaintzen zaizkien laguntzak oso garrantzitsuak direla nabarmendu du. Honakoa, bere mezua: "Edozein laguntza behar da; segi aurrera, gogor eutsi, eta egin kasu profesionalei. Bestela ez zara aterako".