Faktoria
Josu Erkoreka
'Transferentziei seriotasunez heldu behar die Espainiako Gobernuak'
Sailburuak ulertzen ditu Espainiako gobernuaren zailtasunak, baina Jaurlaritzak 40 urte zain daramatzala gogorarazi dio. VOXen planteamendu gordinekin izututa dagoela ere aitortu du.
-
27:43 min
Josu Erkoreka Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburuak Euskadi Irratiko 'Faktoria'n eskatu dio Espainiako Gobernuari lehenbailehen zehazteko, seriotasunez, Gernikako Estatutuko eskumenen transferentzia egutegia. Azaroaren 26an Meritxel Batet ministroarekin batzartu zenetik Espainiako gobernuarekin hainbat dokumentu trukatu dituztela eta Jaurlaritzak bere irizpide eta lehentasunak jakinarazi dituela adierazi du Erkorekak, eta gaiaren inguruan Eusko Legebiltzarrak hartutako akordioen berri ere eman diola Espainiako Gobernuari. Ulertzen ditu Erkorekak Espainiako gobernuaren zailtasunak, ministerio asko sartzen direlako transferentzien negoziazioan eta lehenengo barruan lortu behar dituztelako planteamenduen inguruko adostasunak, baina gogoratu du 40 urte daramatzala Jaurlaritzak zain.
VOX alderdiak azkenaldian egin dituen planteamendu gordinek izua eragin diotela aitortu du Jaurlaritzako bozeramaleak, eta hori gobernuaren baitan partekatu duela. Alderdi Popularrak planteamendu horien aurrean erakutsi duen normaltasuna salatu du, errebindikazio horietako batzuk bereak ere badirelako.
2019ko aurrekontuak erretiratu ondoren, han biltzen ziren proiektu asko egikaritzeko lege proiektua urtarrilaren 29ko gobernu bileran onartuko duela adierazi du Erkorekak, eta otsailean Legebiltzarrean izango dela tramitatu eta onartzeko aukera. Lege proiektu horrek bilduko ditu, besteak beste, langile publikoe soldata igoera edota Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren eguneratzea. Jaurlaritzaren borondatea alor publikoko langileen soldata oinarrizko legediak baimendu adina igotzea dela adierazi du, %2,25. Neurri horiek onartzeko oposizioko alderdi guztiekin negoziatuko duela esan du Jaurlaritzaren bozeramaleak.