Faktoria
Lander Martinez
'Errejonek bide formalean proposatu balu Carmenarekin joatea, onartuko zen'
Iñigo Errejonek diputatu akta utzi izana keinu ona da Martinezen ustez eztabaida marko batera iristeko, hautagaitza bakarra aurkezteak izan behar baitu helburua.
-
23:08 min
Lander Martinez Podemos Ahal Duguko idazkari nagusiak Euskadi Irratiko 'Faktoria'n esan duenez, Podemosen denek ulertzen dute Iñigo Errejonek egindako urratsaren zentzu politikoa, baina bide okerra hartu du horretarako. Barne organoak baliatuz proposatu izan balu Manuela Carmenarekin batera aurkeztea hauteskundeetara, proposamena onartu egingo zela uste du Martinezek. Egin duen moduan egiteak haserre handia sortu ei du, eta zailtasunak jarri ditu berdinen arteko elkarrizketa bat egiteko.
Krisia gainditzeko bidean, Errejonek diputatu aktari uko egin izana keinu ona da Ahal Duguko idazkari nagusiaren izanetan. Zailtasun asko dagoen arren, lagun dezake bideragarri egiten eztabaida marko bat. Madrilgo erkidegoko zuzendaritzak erabaki beharko du orain nolako harremana hartzen duen Errejonekin, baina Martinezen ustez hautagaitza bakarra lortzeko ahalegina egin beharra dago, bestela hauteskundeetako emaitza desastrea litzatekeelako. Ez du uste, ordea, Errejonek emandako urratsak alderdian eszisioa dakarrenik, hark Podemoseko kide izaten jarraituko duela esan duelako.
Euskal politikagintzari dagokionez, Podemos-Ahal Duguko idazkari nagusiari ez zaio egokia iruditzen Eusko Jaurlaritzak lege proiektu bakarrean biltzea funtzionarioen soldata igoera, diru sarrerak bermatzeko errentaren eguneratzea eta itunpeko ikastetxeetarako finantziazio berria. Premiarik izan gabe PPrekin akordioa bilatu nahian ikusten du Jaurlaritza, eta horrek argi erakusten du itun ideologikoa dela hori.
Udal eta foru hauteskundeen ondorengo gobernagarritasunari dagokionez, Martinezek ikusten du aukera EH Bildurekin akordioak lortu eta EAJ eta PSE-EE dauden udalerrietan gobernatzeko. Gaur egun Errenterian dagoen formula egokia dela dio, eta esate baterako, Gasteizen, eredu hori errepikatzeko ikusten du aukera.