Faktoria
Zientzia
Energetikoki burujabea den berotegi bat eraiki dute ESTIAko ikasle batzuek
Euskadi Irratia | Amaia Portugal
Bidarteko ESTIA ingeniaritza eskolako azken urteko ikasle batzuek Berotegi izeneko proiektua jarri dute martxan. Negutegi ekologikoa da, energiari dagokionez burujabea izateko zenbait tresna dituena.
-
Berotegi bat
3:52 min
ESTIAk, Bidarteko Industria Teknologia Aurreratuen Goi Eskolak, 900 ikasle inguru ditu. Gehienek ingeniaritza orokorreko unibertsitate ikasketak egiten dituzte bertan, eta bigarren diploma espezializatuago bat ere eskuratzen dute hirugarren eta azken urtean, beste unibertsitate batekin elkarlanean.
Azken urtean proiektu bat egitea dagokie, eta testuinguru horretan, ikasle horietako batzuen ekimenez, sortu dute Berotegi proiektua. Energetikoki burujabea izateko sortua da. Iturri berriztagarriak baliatzen dituen negutegia da, landareak hazteko teknika berritzaileak darabiltzana; hidroponia, kasu. Laborantza teknika honek ur pixka bat baino ez du behar, eta euria berreskuratuta lortzen dute ur hori.
Bidarten bertan, Izarbel teknopoloan kokatu dute negutegia. Bertan daude ESTIA eskola, eta hamarnaka teknologia enpresa. Langileek, irakasleek zein ikasleek ingurumenarekiko kontzientzia hartzea da ekimena martxan jarri dutenen helburuetako bat, eta proiektua herentzian utzi nahi diete ESTIAko irakasleei, eta batez ere, datozen ikasleei.
Marion Saumonneau ESTIAko ikasketa arduradunarekin hitz egin dugu.