Faktoria
Itxaso Atutxa
'Chivite oso harro ari da gobernua osatu eta akordiotara iritsi nahi badu'
Buruzagi jeltzaleak errepikatu du Nafarroan gertatzen dena 'kontuan' hartuko dutela Madrilgorako. Jakinarazi du, nolanahi ere, Pedro Sanchezen zehaztasunen berririk ez dutela jaso oraindik.
-
Itxaso Atutxa
21:28 min
Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarreko presidenteak harrokeriaz jokatzea leporatu die Nafarroako sozialistei eta zehaztu du, larunbatekoaren ondoren, jakin egin behar dutela 'fidatzekoak diren edo ez'.'Maria Chivite oso harro agertzen ari da eta gobernua osatzeko akordioak behar dituzunean ez dakit jarrera hori egokiena den', azaldu du. Atzo Andoni Ortuzarrek esandakoaren haritik errepikatu du bihar Nafarroako Parlamentuaren osaketari begira egongo direla eta bertan gertatzen dena 'kontutan izango' dutela Pedro Sanchezen inbestidurarako negoziaketetan. Hala ere, zehaztu du oraindik 'zain' jarraitzen dutela Madrilgo sozialistek noiz deituko zehaztasunak emateko. 'Lehen harreman formal horren ondoren, ez digute esan norekin egingo duten blokea', azaldu du eta iritzi, Podemosekin beharrean, Ciudadanosekin batuz gero, urrunago legokeela jeltzaleen babesa. Ildo hortatik ohartarazi du, aurrez egindako akordioak bete gabe zaila dela orain beste akordio bat hitzartzea: 'Oso zaila da norbaitekin akordiotara iristea sinatutakoa ez baduzu bete oraindik'.
Euskal politikagintzaz, berriz, Jaurlaritza indartsu ikusten du Atutxak. PPk aurrekontuetarako behar duen babesa zintzilik duela ohartarazi dien arren, ez du uste Iñigo Urkullu lehendakariak hauteskundeak aurreratuko dituenik. Alde horretatik, arazorik ere ez dio ikusten autogobernu lantaldeko adituek eskatu duten bost hilabeteko luzapenari. EHBilduk kontra agertutako jarrera, hortaz, ulergaitz egin zaio. 'Adostasun osoz eskatu dute luzapena, eta adituen artean eurek izendatutakoa ere badago', esan du eta zera gaineratu: 'Hemen akordio baten bila gabiltza, behintzat, batzuk'.