Faktoria
Sexu erasoak
'Pornografiak gero eta indar handiagoa du gazteengan. Adi egon behar dugu'
Sexu erasoen eta, batez ere, taldeko sexu erasoen atzean heziketa sexual ez enpatikoak duen eraginaz mintzatu dira Izaskun Landaida, Ana Mozos eta Kepa Torrealdea.
-
Izaskun Landaida, Emakundeko zuzendaria
21:35 min
Sexu askatasunaren kontrako delituen gorakadak zer erakusten du? lehen ere bazen errealitate bat azaleratzen ari dela? edota benetan ari dira tankera horretako delituak hazten? Azken astean izandako salaketa ugariek perzepzio hori indartu dute iritzi publikoan eta, taldekako erasoak ere gero eta ugarigoak direla pentsatzeko joera zabaldu da, datu ofizialik ez dagoen arren. Geoviolenciasexual atariaren arabera, 2016 urtetik, taldean egindako 6 bortxaketa eta beste 8 abusu izan dira Euskal Herrian; 125, estatu osoan. Datu ez-ofizialak dira halere, ez fiskaltzaren datuek, ez Espainiako barne mnisteriokoek ez baitute parametro hori jasotzen euren estatistiketan.
Perzepzio hori zuzena edo ez jakiteko jaso ditu 'Faktoria'k Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariaren, Ana Mozos abokatu eta genero gaietan adituaren eta Kepa Torrealdea 'Zeuk esan!' nerabeentzako Jaurlaritzak duen zerbitzuko arduradunaren hitzak. Aditu hauek ez datoz bat euren artean: Torrealdeak uste du tankera honetako eraso gehiago gertatzen ari dela gaur egun; Ana Mozosek iritzi dio goizegi dela ondorio hori ateratzeko; eta Izaskun Landaidak azpimarratu du, azkenik, "arazoa oso sakona dela eta neurri handi batean azaleratze prozesu horren isla" izaten ari dela orain ezagutzen ari garena.
Hirurak bat etorri dira, aldiz, mota honetako sexu erasoen atzean sexu hezkuntzak duen eragina, eta bereziki, gaztetxoek pornografiaz egiten duten kontsumoa azpimarratzerakoan. Torrealdeak nabarmendu du 'heziketa enpatikorik ez dagoela gaur egun, eta nerabezaro aurretik, hutsune hori pornografiaz betetzen dela askotan eta askotan'. 'Neska-mutilen ia abiapuntu bakarra da', gehitu du. Emakundeko zuzendariak azaldu du 'gero eta indar handiagoa duela pornografiak eta adi egon beharra' dagoela. Landaidaren arabera, sexu heziketa oraindik 'besteen esku uzten da orokorrean' eta beharrezkoa da eskolaz haragoko estrategiak garatzea: 'Inoiz baino beharrezkoagoa da gazteei tresnak ematea. Emakume gazteak ahaldundu egin behar ditugu eta mutikoekin lan egin, indarrean diren maskulinitate eredu berriak baztertuz, berdintasunerako eragile bihurtu daitezen'.