Itxi

Faktoria

Gorka Otxoa

'Film iraultzailea da, zentzu guztietan'

'Reevolution' filma estreinatu berri da, Gorka Otxoa aktore donostiarra protagonisten artean duela. Egungo gizarteko arazoak ditu oinarri gisa, eta horien inguruan ere hitz egin du.

  • Gorka Otxoa

    Gorka Otxoa

    28:53 min
imagen player
imagen player
imagen player

Gogoetarako gonbidapena egin nahi du Gorka Otxoa protagonista duen Reevolution filmak. David Sousaren zuzendaritzak ustelkeria, komunikabideen kontrola eta gobernuen kontrola ditu oinarri azken lan honetan. Aktore donostiarrak dio filmaren helburua norbera bere buruaz jabetzea dela, erabakiak hartuz etorkizuneko bidea egiten joatea.

Duela hamabi urte inguru hasi zen gidoia idazten zuzendaria eta hainbat gaien inguruko aurreikuspenak bete direla dio Gorka Otxoak; tartean 'fake-news'-en gorakadaz, komunikabideen manipulazioaz, Hego Ameriketako liskarrez eta Kataluniako gatazkaz. Filmaren produkzioa Sousa zuzendariak bere gain hartu zuen. Arrazoi hori medio, aktore askok ez dute dirurik jaso trukean, gai horiek lantzen zituen proiektuan egon nahi zutelako alegia.

Filmarekin bat eginez, bakoitzaren barnean hasten dela iraultza uste du aktoreak: "Norberak bere ingurua eta bere burua aldatu behar du, ingurua aldatu nahi baduzu". Iraultza ezkerretik etorri behar dela aldarrikatu du Otxoak, baina aldaketak ez direla egun batetik bestera lortzen.

Gorka Otxoak Twitter kontua bere iritzia plazaratzeko erabiltzen badu ere gai askoren inguruan bere hitzak neurtzen dituela esan du, ondoren 'betoa' jar diezaioketelako. 'Tamalgarria eta tristea' dela dio, baina isiltzearen arrazoia bere ogibidea galtzearen eta kalean zerbait gertatzearen beldurra direla azaldu du.

Filmarekin bat eginez ordea, gai askoren inguruan zer pentsatzen duen idaztea garrantzitsua dela dio donostiarrak. Genero indarkeria, klima aldaketa, etorkinen egoera eta pentsio duinak izan ditu hizpide azkenaldian. Azken hauteskundeetan eskuineko alderdiek Euskal Herrian izandako 'porrotaren' inguruan idatzi zuen eta oihartzun handia izan zuen, horietako batzuk larriak aktoreak azaldu duenez. Gorka Otxoak berriz, argi eta garbi dio, euskal herritarra den neurrian bertako egoeraz hitz egingo duela.