Faktoria
Ekonomia-Koronabirusa
"Koronabirusarenak 3 hilabete baino gehiago irauten badu, krisian sartuko gara"
Beatriz Plaza EHUko Ekonomia irakaslea eta Adrian Zelaia EKAI CENTER-eko presidente exekutiboa koronabirusaren eragin ekonomikoaz aritu dira 'Faktoria' albistegian.
-
Koronabirusaren eragin ekonomikoa, Faktorian
11:31 min
Denbora oso faktore garrantzitsua da koronabirusaren krisiak utziko duen eragin ekonomikoa zenbatekoa izango den esaterakoan. Ideia horretan bat datoz Beatriz Plaza eta Adrian Zelaia ekonomilariak. Zelaiaren hitzetan, denborari begiratu behar zaio, luzatzen den heinean, ondorio larriagoak izango direlako. Epea zehaztu du Plazak: 'hiru hilabete baino gehiago luzatzen bada, argi eta garbi esan beharko da, krisi batean sartuko garela'.
Txinan lehertu zen krisia eta hango hornitzaileen ekoizpena geldirik dago. Europako enpresa asko Txinako ekoizpena berreskuratu zai daude baina bitartean, EHUko Beatriz Plaza irakasleak dio, 'baliabideak badaudela, Europako enpresekin, produkzio hori lortzeko'. 'Baliabideak badaude, esan du Plazak, balio katea sortu liteke bertan eta ez dut arriskurik ikusten industriarentzat'.
Ingalaterrak eta Estatu Batuetako Erreserba Federalak interes tasa puntu erdi murriztu dute azken egunetan, 'koronabirusak sortu dituen arazoei aurre egiteko'. Bide hori ezin du hartu Europako Banku Zentralak, 'interes tasak 0 direlako' baina, aurrekontu esparruan esku hartu dezakete. Bide horretatik jo beharko du Espainiako gobernuak, Zelaia eta Plaza ekonomilarien hitzetan, iragarri dituen kontziliaziorako neurriak ordaindu ahal izateko.