Faktoria
Eneko Andueza, PSE
'Ez dakit non zegoen, zertan zebilen Arantxa Tapia, momentu hau iristea espero zen'
PSEk Gipuzkoan duen idazkari nagusi eta legebiltzarkidearen arabera, 'ez da domina politikoak jartzeko unea'
-
Eneko Andueza, PSE
14:03 min
Euskadiko sozialistek erabat babesten dute Espainiako gobernuak jarduera ekonomikoa gehiago murrizteko agindua. Eneko Andueza PSEk Gipuzkoan duen idazkari nagusiaren arabera, erabakia orain hartu du Pedro Sanchezek 'pandemietan adituek esan diotenean'. 'Faktoria' albistegian egin dioten elkarrizketan, buruzagi sozialistak COVID 19ren aurkako borrokan 'liskarra pizten dabiltzanak' salatu ditu eta asteburuan sare sozialetan idatzi dituen hitzak errepikatuz, 'batzuek gaizki hartzen dutela batuta ez izatea'. 'Euskal Alderdi Jeltzalea eta Eusko Jaurlaritzan PSEk dituen bazkideei ari dela' zehaztu du Anduezak, eta esan die, 'ez dela protagonismoa lortzeko unea, guztiak norabide berdinean indarra jartzeako momentua baizik'. Gipuzkoako sozialisten buruak uste du jeltzaleak 'domina politikoa lortu nahian dabiltzala'.
Jarduera ekonomikoa etetea
Eneko Anduezaren hitzetan, COVID 19ak sortu duen krisi honetan 'pertsona bakar batek hartu behar ditu erabakiak, Espainiako gobernu-buruak, birusak ez duelako mugarik', esan du, 'ez da bakoitzak bere erabakiak hartzeko momentua'. Pedro Sanchezek agindu duen jarduera ekonomikoaren murrizketa defendatu du Anduezak, espero zuten zerbait zela gaineratuz; 'ez dakit nor egon den despistatua. Beste lekuetan gertatu dena ikusita, logikak zioen hau gertatuko zela, denok prest geunden momentu honetarako. Ez dakit non zegoen edo zertan zegoen Arantxa Tapia, denak prest geunden une hau iritsiko zela pentsatzen genuelako'.
PSOE-PODEMOS arteko sintonia
Lan jarduera gehiago eteteko dekretua indarrean jarri baino minutu gutxi lehenago argitaratu du Espainiako gobernuak. Atzerapenaren arrazoia, Espainiako gobernu kideen arteko desadostasuna zegoela zabaldu da. Hipotesi horri buruz galdetuta, PSEko buruzagiak norabide berdinean aritzeko deia egin du, 'Podemosi eskatzen diet lehialak izateko'.
Kanpaina ospitalea
Fernando Simonek, Espainiako osasun larrialdi zuzendariak 6 Erkidego kolapsotik gertu egon litezkeela esan ondoren, xehetasunak eskatu dizkiogu Eneko Anduezari. PSEko buruzagiak ez du baieztatu Euskal Autonomia Erkidegoan egoera larrienean daudenen artean ote dagoen baina, jakinerazi du, egoera larritzen bada, Estatuko armadak kanpainako ospitale bat jarriko duela Euskadin.