Faktoria
Arnaldo Otegi
“Txapuza ikaragarria da haurren baimenarekin Espainiako gobernuak egin duena”
Sanchezek eta Chivitek ez bezala, Urkulluk ez duela EH Bildurekin hitz egiten salatu du, eta Jaurlaritzak koronabirusaren kudeaketa monopolizatu egin duela.
-
Arnaldo Otegi Euskadi Irratian
25:46 min
Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusiak Euskadi Irratiko 'Faktoria'n esan du txapuza ikaragarria dela haurrak kalera ateratzeko baimenarekin Espainiako gobernuak egin duena, eta jokabidea ikusita, zer pentsatua ematen diola noren eskutan gauden. Diputatuen Kongresuan alarma egoera luzatzeko gaur egingo den bozketan EH Bildu abstenitu egingo dela iragarri du, eta bat egingo duela ERCk 18 urtetik beherako guztiei etxetik irteteko baimena emateko egin duen eskariarekin.
Ez dago Otegi gustura Sanchezen kudeaketarekin. Aginte bakarra ezarrita 155a aplikatzea egotzi dio, autonomien eskumenak urratuz, eta kudeaketa gertuko erakundeetatik egokiago egiten dela azpimarratu du.
EH Bilduko koordinatzaile nagusia, ordea, bereziki kritiko da Eusko Jaurlaritza eta Iñigo Urkullu lehendakaria egiten ari diren kudeaketarekin.
Sanchez eta Chivitek bai, Urkulluk ez
Otegik galdetu du Urkulluk ea norekin hitz egiten duen erabakiak hartzerakoan. Sanchezek Mertxe Aizpuruarekin birritan hitz egin duela gogoratu du, Maria Chivite Nafarroako gobernuko presidenteak ere sarri hitz egiten duela Bakartxo Ruizekin. “Eta hori hemen zergatik ez da gertatzen?”, galdetu du Otegik. Esan du ez berekin, ez Maddalen Iriarte lehendakarigaiarekin ez duela hitz egin hauteskundeak bertan behera uzteko bileraz geroztik.
Eh Bilduren koordinatzaileak salatu du Jaurlaritzak gehiengo osoa balu bezala jokatzen duela, halakorik ez duenean eta Parlamentua deseginda dagoela baliatzen duela kontrola saihesteko. Eusko Jaurlaritzak monopolioaren bidea hartu du, eurek bakarrik hemendik atera gaitzaketela aditzera emanez, ziurrenik euren posizioak publikoki defendatzea zaila delako. Netanyahuk Israelen duen jokaerarekin parekatu du Jaurlaritzarena.
Osasun sailak astero alderdi politikoekin egiten dituen bilerei buruz galdetuta, horren berririk ez daukala esan du Otegik. Gainera, gogor kritikatu du Osasun sailak EHUko zientzialariek koronabirusa atzemateko garaturiko testak erabiltzen ez aritzea, eta ikerketaren koordinatzaileari adierazpenak egitea debekatu izana salatu du, zerekin mehatxu egin ote dioten galdetuz.
Proposatzen diren arintze neurriak zertan oinarritzen diren ez dakiela esan du Otegik, egoera kudeatzeko gaitzaren zabalkundea jakitea ezinbestekoa dela dio, eta hori ez dakiela Jaurlaritzak.
Ez zaio zuhurra iruditzen datorren astetik aurrera saltoki txikiak irekitzeko proposamena eta funtsezkoa ez den jarduerari berriz ekin izanak kutsatze kopuruan ondoriorik ote duen hemendik bizpahiru astera ikusten denean, “oker egotea nahi genuke” esan du.
Otegik berriz eskatu du alderdi politiko eta eragile desberdinekin egoerari erantzuteko mahaia osatzea. Indar subiranistak proposatu du Jaurlaritzak 180 milioi euro bidera ditzala saltoki txikietan kontsumoa sustatzera, herritarren artean kontsumo bonuak banatuz.