Itxi

Faktoria

Euskaltegiak

Azterketak egiteko zain, ikasturte berriaren kezkaz

Uda aurretik egin nahi lituzke HABEk euskararen egiaztatze frogak. Euskaltegiek kezkaz bizi dute batez ere datorren ikasturte hasiera, euskara ikasketak lehentasun izateari utziko ote dioten beldur.

  • Barakaldoko udal euskaltegia

    Euskaltegi bateko irudia

    9:53 min
imagen player
imagen player
imagen player

Ez da erraza izan, baina hezkuntzako beste alor batzuetan bezalaxe euskaltegietan ere ezinbestean egokitu behar izan dute ikasketa prozesua egoera berrira. Aurrez aurreko eskolak egun gutxitan moldatu dituzte online emateko, eta bai Alizia Iribarren AEKko koordinatzaile nagusia, bai Alex Labaien, Gipuzkoako udal euskaltegien ordezkaria gustura eta eskertuta daude ikasleek emandako erantzunarekin.

Jabetzen dira, ordea, ikasle guztiek ezin izan dutela nahi beste aurrera egin,  teknologiara egokitzeko baliabideak berdinak ez direlako.

Uneotan kezka iturri da kurtso amaierako ebaluazioak egin ahal izango ote dituzten, eta batez ere HABEk B-1, C-1 eta C-2 mailetako deialdiak irekitzen ote dituen. Martxoan, alarma egoeraren ondorioz bertan behera geratu ziren. Jokin Azkue, HABEko zuzendari nagusiak esan digu, osasun agintariek baimenduz gero, helburua dela udaberriko deialdia uda aurretik egitea. Euskaltegietako irakasleentzat garrantzitsua da hori, udako etenak kalte egingo bailieke ikasleei.

Ziurgabetasuna handiagoa da datorren ikasturteari dagokionez. Beldur dira matrikulazioak behera egingo ote duen. Alizia Iribarren eta Alex Labaien biek adierazi dute kezkaz bizi dutela euskara ikasteak lehentasun izateari utziko ote dion, eta administrazioek ere euren baliabideak jartzerakoan lehentasun gisa hartuko ote duten.

Jokin Azkue HABEko zuzendariaren arabera, datorren ikasturterako plangintza osatzen ari dira, malgutasuna ardatz hartuta. Euskaltegiak finantzatzeko baldintzak moldatuko dituzte, besteak beste gelako gutxieneko ikasle kopurua txikituz. Euskaltegietako ikasgelek ez dute neurri egokirik orain arteko jende kopurua hartzeko, 2 metroko segurtasun tartea mantenduz. Horregatik ikasgeletan ikasle gutxiago izango dira, eta aztertuko dira aurrez-aurreko eta online eskolak konbinatzeko formulak. Datozen egunetan helaraziko dizkie HABEk plangintza honen zertzelada nagusiak euskaltegiei, ekarpenak egin ditzaten.