Itxi

Faktoria

Maddalen Iriarte

'Independentziarekiko gosea ez dugu atzeratuko'

Edukietan ados jarriz gero eta murrizketarik planteatzen ez bada, EH Bildu prest legoke, adibidez, ekonomian eta enpleguan akordioak onartzeko. Urkulluri gogorarazi dio auzolana ez dela 'amen esatea'.

  • Maddalen Iriarte

    Maddalen Iriarte

    27:57 min
imagen player
imagen player
imagen player

Edukietan ados jarriz gero, herri ekonomian eta enpleguan akordio garrantzitsuak lortzeko aukera ikusten du Maddalen Iriarte EH Bilduren lehendakarigaiak, beti ere, murrizketarik planteatzen ez bada. 'Faktoria'n egindako elkarrizketan ohartarazi du, kasu horretan, koalizio abertzalearen babesik ez luke izango Jaurlaritzak.

Iñigo Urkullu lehendakarigai jeltzaleak aldarrikatutako auzolan politikoaz, bestalde, Iriartek kritikatu du aurrez ere hori esana duela baina egiteko hori ez duela praktikara eraman aurreko legegintzaldian. Gogoratu du pandemiaren gogorrenean EH Bilduk Jaurlaritzaren esku lau plan utzi zituela eta hark jaramonik ez diela egin. Hitz egin barik auzolanik ez dagoela iritzi dio Iriartek: "Auzolana baldin bada gobernu batek denari amen ematea, gu ez gara hor izango. Agian Eusko Alderdi Jeltzalea horretara dago ohituta aspaldiko urte hauetan, Alderdi Sozialistak hori egin duelako".

Era berean, azpimarratu du gizarte aldaketak bultzatzeko "erreminta politikoak behar direla" eta horrexegatik jarraituko dutela defendatzen erabakitzeko eskubidea. "Independentziarekiko gosea ez dugu atzeratuko. Euskal Errepublika independiente baten alde egiten dugu egunero. Herritarrek erabakitzeko eskubidea jartzen dugu erdigunean. Lan horretan jarraituko dugu. Gizartea aktibatu egin behar da eta EAJk azken urteotan gizarteak zuen gosea apaldu egin du.  burujabeak ez bagara, hainbat politika sozial egikaritzeko aukerarik ez dugu izango", esan du.

Inkestek EH Bilduren gorakada aurreikusi ez izanaz galdetuta, erantzun du bazekitela "45 urtetik behera lehen aukera" EH Bildu zela, eta euren barne inkestek bestelako emaitzak ematen zituztela.

Iriarteren arabera, garrantzitsuena izan da "EH Bildu benetako alternatiba dela" eta "jendeak sinetsi duela".

Musukoaren erabileraz, lehendakarigai abertzaleak esan du erabileraren aldekoa dela, "OMEk berak ere esan duelako agian airean ere barreia daitekeela" birusa. Horren harira, kritikatu du Erkorekak duela bi hilabete esan zuela koronabirusa "pasa zela", eta Murgak ere musukoaz esandakoak jarri ditu mahai gainean.

Alemania eta EAE alderatu ditu koronabirus kasuei egiten zaien jarraipenean, eta lehenengoak 36.000 langile dituela eta bigarren 36 aipatu du. Horren aurrean, "baliabide gehiago" bideratu beharko liratekeela azpimarratu du.