Itxi

Faktoria

Arkitekturan aldaketak

'Eraikin berrien sotoetan, bizilagunentzat coworking espazioak prestatzen ari gara'

Etxebizitzak eraikitzen dituzten enpresak hasi dira koronabirusak ekarri dituen aldaketak euren planoetan jasotzen.

  • Arkitektura

    Arkitektura

    24:05 min
imagen player
imagen player
imagen player

Argitasun falta, erabilera anitzak dituzten gelak, espazio zabalagoak ... pandemiak agerian utzi ditu bizitokiaren gabeziak. 'Ispiluaren aurrean jarri gaitu' kontatu du "Faktoria"n, Anartz Ormaza arkitekto eta TEO ARKITEKTURA bulegoko sortzaileak eta hainbat behar mahaigaineratu ditu. Horien artean, esazioen malgutasun falta, materiale naturalak gure eraikinetan egotearen onurak, etxeen baldintzak edo 'osasuna' iandu beharra (tenperatura, zarata maila, airearen kalitatearekin) eta batez ere, kanpo espazioarekin izan behar dugun harremana. Beste hitzetan esanda, balkoi eta terrazek bizigarritasunean duten garrantzia. Arkitekturan adituak teoriak lantzen hasi dira baina, errealitatearekin egin dute topo: Euskal Herrian badirela etxe eta balkoiak ez dituzten eraikinak. Horietako asko, babes ofizialeko etxebizitzetan egindakoak.

Bizigarritasun dekretua

Kanpoko espazioaren beharra eraikinetan gauzatu dadin, 'bizigarritasun dekretuak' prestatzen ari dira Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako gobernua. Iñaki Arriolaren etxebizitza sailak proiektua oso aurreratuta du eta gutxieneko azalera bat zehaztu du eraikiko diren etxe berrietarako: 4 metro kuadro. Eraikitako etxeetan, balkoiak eta terrazak eraikitzeko baimena jasotzen du dekretuak eta 5000 euro arteko diru-laguntza zehazten du.

Dekretuak badu bigarren atal garrantzitsu bat: kanpoko espazioen azalera ez da eraikitako azalera erabilgarri gisa hartuko eta horrek 'erabat aldatuko du udalerrietako hirigintza', Jon Chavarri, Donostiako hirigintza zuzendariaren arabera. Azken batean, orain arte, muga zuten eraikuntza enpresek: eraikitzeko metro kopuru bat zuten eta balkoia egiten bazuten, etxe barruaren espazio hori 'jan egiten' zioten, Nerea Azpiazu Altuna eta Uria eraikuntza enpresako zuzendari komertzialak dioenez. Beraiek hasi dira eraikiko dituzten etxeetako planoak moldatzen: sakonera handiagoko balkoiak diseinatzen ari dira eta behar berrietara egokitzeko pentsatzen jarriak dira. Eibarren eraikiko duten auzune berri batean adibidez, bizilagunek erabili ahal izango duten coworking espazioa egingo dute.