Itxi

Faktoria

TORTURAK

"Txikituta heldu nintzen Marlaskaren aurrera baina ez nuen enpatiarik ikusi"

Oihane Yustos |EiTB Media

AZTNUGAL auzian atxilotu eta torturak jasan zituzten Iñigo Gonzalez Etayo eta Iker Morenoren testigantza jaso dugu "Faktorian".

  • Iñigo Gonzalez Etayo eta Iker Moreno, torturak salatu zituzten gazteak

    Iñigo Gonzalez Etayo eta Iker Moreno, torturak salatu zituzten gazteak

    30:22 min
imagen player
imagen player
imagen player

Duela 10 urte atxilotu zituzten Iñigo Gonzalez Etayo eta Iker Moreno gazte nafarrak, beste 4 lagunekin batera. EKINeko kide izatea leporatzen zieten eta guztiek tortura latzak salatu zituzten. Estraburgoko Giza Eskubideeen Auzitegiak Espainia hirutan zigortu du, gazteen salaketa ikertu ez zuelako.

Torturen Aurkako Egunaren bezperan, "Faktoria"ra ekarri dute testigantza Iñigo Gonzalez Etayok eta Iker Morenok. 'Gorputza oraindik nahastuta' eta 'zauriak erabat itxi gabe' dituztela aitortuz egin dute 10 urte atzera. 'Madrilgo bidean hasi zen ametsgaiztoa'. Tortura gogorrak, 'pertsona izateari uzten diozun arte' kontatu du Iker Morenok, 'gorputz bat zara, arnastu baino ez nuen egin nahi, haien eskuetan nengoen'. Ahaztu gabe dituzte bizitakoak: 'Torturatzen zaituztenean nabaritzen duzu badakitela, entrenatuta daudela, badakite noiz estutu dezaketen poltsa, noiz arte egon zaitezkeen jan gabe ... monstruoak dira. Entrenatuta daude', esan du Gonzalez Etayok.

Grande Marlaska, epaila

Ez zuten mediku-forenseen babesik sentitu. Ez polizia-etxean, Iker Morenok torturak salatu zituenean ezta Epaitegian kontaketa egin zutenean ere. Frogak agerikoak baziren ere. Iker Moreno: 'txikituta heldu nintzen epailearen aurrera, kamiseta gabe. Ezin nuen ibili. Arrastaka iritsi nintzen. Negarrez kontatu nizkion egin zizkidatenak, (...) enpatia izango zuelakoan. Ez zen batere konexiorik izan epailearekin'. Grande Marlaska zen epaile hori. 'Tramite huts sentitu nintzen Marlaskaren aurrean', gaineratu du Iñigo Gonzalez Etayok.

Euren kasua ezagun egin zen zabaldu zenean, atxilotuetako batek bere aitortza AZTNUGAL hitzarekin sinatu zuela. LAGUNTZA. Operazioan atxilotu eta torturak salatu dituzten gazte guztiek gutuna idatzi diote oraingo Grande Marlaska barne ministroari, bi galdera egiteko. 'Polizia egoitzetan jasaten ari ginen tratu ankerraren berri al zenuen? eta hala bazen zergaitik ez zenien gure salaketei arreta jarri?

Nafarroako erakundeen aitortza

Euskal Autonomia Erkidegoan egin den bidearen haritik, Nafarroako erakunde publikoen aitortza eskatzen dute. 'Nafarroan ez da ariketa hori abiatu' esan du Morenok, 'guk uste dugu 1.000 bat torturatu egon litezkeela'. Euskadin egin zen ikerketaren modua nahi dute, 'hemen zauri asko irekita daude eta horrelako aitortzak' lagunduko lukeelako.