Itxi

Faktoria

JOSE IGNACIO ASENSIO

“Ezker abertzalea jokoz kanpo dago hondakinen gaian”

Mikel Yarza | EiTB Media

Zubietan ez da hondakin industrialik tratatuko, etxekoak eta komertzio zein enpresa txikiek sorturikoak soilik, Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Aldundiko Ingurumen diputatuak esan duenez.

  • Jose Ignacio Asensio

    Jose Ignacio Asensio

    25:09 min
imagen player
imagen player
imagen player

Gipuzkoa hondakinen kudeaketan "eredu" dela defendatu du Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Aldundiko Ingurumen diputatuak Euskadi Irratiko 'Faktoria' saioan. Zubietako plantara soilik etxeko hondakinak eta komertzio zein enpresa txikiek sortzen dituztenak bideratuko dira, "mankomunitateek bidaltzen dituzten hondakinak". Ez, ordea, hondakin industrialak eta ganeratu duenez, "ez dago auzirik" Gurasosek Zubietara hondakin industrialak eramatearen aurka abiatu duen epaitegietarako bidean.

Zubietako planta "funtzionamendu arruntean" ari da Asensioren esanetan eta etorkizunera begira "aurrerapauso izugarria eman du". Duela bost urte Gipuzkoak hondakinak kanpora bidaltzen zituen bitartean, orain, hondakinak kudeatzeko azpiegiturari esker "lanpostuak eta aberastasuna" sortu dituzte. Oposiziotik leporaturiko informazio eta gardentasun falta "gezurtzat" jo ditu eta iritzi dio EH Bildu erraustegiaren gaian "jokoz kanpo dagoela" eta "bakarrik geldituko dela".

Espainiako Kongresuan apirilean eztabaidatuko den Klima Aldaketa legearen harira, ezinbestekotzat jo du "energiari berriztagarriak geroz eta gehiago erabiltzea" eta Europako estandarrak beteko dituen politikak martxan jartzea. Zentzu horretan, garraio publikoa elektrifikatzea jo du erronkatzat eta adierazi Lurraldebuseko flota guztia "hibridoa izango dela hamarkada honetan".

Hondartza denboraldirako hiru hilabete falta diren honetan, pasa den urteko kudeaketaren ebaluazio "bikaina" egin du. Asensioren aurreikuspenen arabera, uda honetan ere "edukiera mugatukoak izango dira hondartzak" eta azpimarratu du pasa den urtean bikoiztu egin zela Gipuzkoako hondartzen erabilera eta kudeaketarako aurrekontua. Ingurumen diputatuaren esanetan, hondartzak "ez dira eremu arriskutsu bat".