Faktoria
Garbiñe Aranburu
"Greba orokorra egiteko adostasunak bilatzen ari gara"
Jone Larrañaga | EiTB Media
Pandemia osteko epeari aurre egiteko patronalari eta erakundeei mezu argi bateratua bidali behar zaiela uste du LABek. Ikasturte berriko lehen hiruhilekoan egin nahi luke lan uztea.
-
Garbiñe Aranburu
25:35 min
Pandemia ondorengo garaian, gizartearen erreibindikazioei indartsu eusteko, Euskal Herrian greba orokorra proposatzen du LAB sindikatuak, sindikatuekin eta gizarte eragileekin adostasuna lortzen bada. Adostasunak bilatzeko garai horretan daudela esan du Garbiñe Aranburu LAB sindikatuko idazkari nagusiak Euskadi Irratiko "Faktoria"n eta aurreratu du hurrengo ikasturteko lehen hiruhilekorako aurreikusten dutela lanuztea. "Osasun krisia gainditzen denean pandemiaren ondorio ekonomiko eta sozialak are eta ageriago geratuko zaizkigu. Borroka sozial eta sindikalen konfluentzia berriak behar dira, postmandemia epean indarrez sartzeko. Gehiengo soziala garelako: sindikatuak, pentsiondunak, feministak, gazteak…", azpimarratu du.
Aranburuk beharrezkoa ikusi du eztabaida hori bultzatu eta adostasuna bilatzea, kontutan hartuta, lan erreforma bertan behera uzteko zein presio dauden, zein pentsio erreforma datorren edota zein enplegu plan ari diren proposatzen. Hain zuzen ere, ildo horretan ekarri du hizpidera atzo Idoia Mendia Jaurlaritzako Enplegu sailburuak Legebiltzarrean aurkeztutako egitasmoa eta leporatu dio aurrekoaren jarraipen hutsa izatea. "Digitalizaziotik etorriko den enplegu galtzea, ezin da prestakuntzatik bakarrik eraiki", esan du eta gaineratu du "enpresek lortuko dituzten etekinak birbanatu egin behar direla nolabait. Lana banatu egin behar da eta lanaldiak murriztu". LABek 30 orduko lan-astea defendatuko du asmo horrekin.
Azpeitiko Corrugados auzian, Eusko Alderdi Jeltzalearen jarrera "zinikoa" salatu du Aranburuk, benetako proiekturik ez zegoenean, "intentzionalitate politikoz" erabiltzeagatik. Eta kritika egin dio, baita ere, Eusko Jaurlaritzari Tubacex auzian, patronalaren bozeramaile gisa aritzeagatik, eta ez bitartekari.