Faktoria
EHUko katedraduna
Lopez Basaguren: "Auzitegi Konstituzionalaren erabakia okerra da eta beranduegi dator"
Pilar Goya | EITb Media
Zuzenbide konstituzionaleko katedradunaren iritziz, "Auzitegiak Gobernuaren jokabidea babestu behar zuen premia egoera baten aurrean ginelako eta ondoren, oso epe zorrotza jarri behar zion legea egokitzeko aurrikusi gabeko egoera bati behar bezala erantzun ahal izateko".
-
López Basagurenen arabera, Konstituzionalaren ebazpenak larrialdiaren "normalizazioa" ekarriko du.
11:41 min
Alberto Lopez Basaguren EHUko katedradunak gogor jo du "Faktoria"n egindako elkarrizketan Auzitegi Konstituzionalaren aurka, iazko itxialdia Konstituzioaren aurkako dela ebatzi eta gero. Konstituzio auzitegiaren arabera hain zuzen, Espainiako Gobernuak agindutako alarma egoera ez zen babes nahikoa itxialdia bezalako neurri bat ezartzeko. López Basagurenen hitzetan berriz, "alarma egoeraren alternatiba salbuespenezko egoera aldarrikatzea bada, guztiz oker dabil Auzitegia, gertaerek eta errealitateak zehazten dutelako" egoera baten edo bestearen aldeko hautua, eta "ez dago inolako dudarik pandemiaren errealitatea alarma egoerari zegokiola eta inolaz ere ez salbuespenezkoari". Alarma egoerak naturak sortutako larrialdiak jasotzen dituela azaldu du eta salbuespenezko egoera berriz, krisi poliitkoak: "Pandemia ez da krisi politikoa".
Lopez Basagurenen iritziz, gainera, Auzitegi Konstituzionalaren erabakia beranduegi dator, jokoan zeuden gaiak oso garrantzitsuak direlako juridikoki eta politikoki, baina onartu du Espainiako Gobernuari babes juridiko handiagoa lantzea zegokiola: "Auzitegiak premia baten aurre ginela onartu behar zuen, aurrikusi gabeko egoera baten aurrean Gobernuaren jokabidea bestu behar zuen eta, ondoren, oso epe zorrotza eman Gobernuari legea egokitu eta pandemia bezalako egoera aurrikusiko lukeen legea osatzeko".
Konstituzio zuzenbideko katedradunak azpimarratu du, bestalde, ondorio paradoxikoak utzi dituela Auzitegi Konstituzionalaren ebazpenak larrialdiaren "normalizazioa" ekarriko duelako: "Espainiako Gobernuak alarma egoeraren bitartez ezin hartu ditzakeen neurriak gobernu autonomikoek hartu ahal izango dituzte lege arruntetan oinarrituta", baina honi erantsi behar zaio "erkidegoetako auzitegi nagusien esku utzita dagoela neurri horiek baimentzea ala ez".
Azkenik, Konstituzio auzitegiaren baitan dagoen zatiketa salatu du López Basagurenek: "Zatituegia dago eta horren eragin oso handia du auzitegiaren sinesgarritasunari dagokionez".