Itxi

Faktoria

Elkarrizketa

Mertxe Aizpurua: "Katalunian irekitako leihoa aprobetxatu behar dugu"

Lurraldetasun-auzia konpontzeko unea dela iritzi dio EH Bilduko eledun Mertxe Aizpuruak, eskuineko gobernuak ez duelako irtenbiderik emango. Pandemiari aurre egiteko mugikortasuna mugatzearen alde egin du, eta tamalgarritzat jo ditu azken egunotako sexu-erasoak: "auzia uste baino errotuago dago".

  • Mertxe Aizpurua

    Mertxe Aizpurua

    24:36 min
imagen player
imagen player
imagen player

Kataluniako eta Espainiako Gobernuak elkartu bezperatan, lurraldetasun-auzia konpontzeko leihoa ireki dela esan du Mertxe Aizpurua Diputatuen Kongresuko EH Bilduren bozeramaileak. Euskadi Irratiko 'Faktoria'n nabarmendu duenez, "orain" da gaiari heltzeko unea: "Irekitako leihoa aprobetxatu behar dugu estatuko lurraldetasun-auzia askatzeko, ez delako auziari irtenbiderik emango dion bestelako gobernurik". Zehaztu duenez, alderdi subiranistek zein Espainiako Gobernuak badakite eskuineko gobernu batek ez lukeela horretarako biderik emango. EAEren estatus politikoari buruzko eztabaidaz, Aizpuruak EAJ kritikatu du, "gaia hautaskundeak gerturatzean mahaigaineratzen duelako". 

Pandemiaren kudeaketaz, EH Bilduren diputatuak azaldu du arazoaren muina "mugikortasuna" dela, eta ez kale zurruta bere horretan. Parrandan ari diren gazteen jokabidea "onargarria" ez den arren, "gazteria kriminalizatzea" okertzat jo du, eta aurretiazko lana hobetsi du: "prebentzio-neurriak behar dira, polizia botiloia egiten den tokietara joatea pilaketak ekiditera". Eta aurrerantzean, "harri magikorik" ez dagoen arren, "komunikazioa hobetzeko premia" nabarmendu du, arauak garbi eta ulergarri helarazteko.

Azken egunetako sexu erasoez

Aizpuruak "tamalgarritzat" jo ditu azken egunetan Gijonen eta Berrizen egin dituzten sexu-erasoak, eta egoera "uste baino errotuago" dagoela gizartean. Gizartearen erantzun masiboaren alde egin du, "euskal gizartea aurrerakoia delako, eta gertatutakoa ez delako gizarte aurrerakoi baten argazkia".