Itxi

Faktoria

Jaurlaritzako bozeramailea

Bingen Zupiria: "Goi mailako entrenamenduetarako ur lasterren kanala orain iragar dezakete erakundeek"

Txertoa jartzeko aukera herritar denei eskaini arte derrigortasuna eskatzeko urratsak "baztertzaileak" jo ditu Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak. "Orain guri dagokigu", esan du, "txertatzeko falta diren 12 urteko umeen familiek izena eman dezaten kanpaina egitea".

  • Bingen Zupiria

    Bingen Zupiria

    21:10 min
imagen player
imagen player
imagen player

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak jakinarazi duenez, euskal erakundeek badute piraguismoko goi mailako entrenamenduak egiteko ur lasterren kanala eraikitzeko proiektua, eta "aukera badago" hori bideratzeko. "Seguruenik, Eusko Jaurlaritzak euskal erakundeek orain iragarriko duten inbertsio plan nagusiaren barruan egon liteke", esan du. Jakinarazi duenez, orain dela hiru urte planteatu zen gaia, eta Maialen Chourraut eta bere taldeak badu proiektu horren berri. Zupiriak ez du aurreratu instituzioek omenaldirik egingo ote dioten txapeldun olinpikoari, baina ziur agertu da egingo dizkiotela ingurukoek eta herritarrek. "Eta ongietorriak", zehaztu du, egin litezke "kontu handiz antolatzen badira".

Pandemiaren bilakera txarra den arren, arazoa osasun arlotik kudeatzen jarraitzeko asmoa errepikatu du Jaurlaritzako bozeramaileak. Gaueko itxialdirako baimena eskatzeko asmorik ez du momentuz Jaurlaritzak eta nabarmendu du Probintzia Auzitegiek eta orain Auzitegi Gorenak egin duen ebazpenak "argi erakusten duela ez dagoela behar beste bermerik neurri zenbait hartzeko".  "Ez dago", gehitu du, "lehendakariak eskatu zuen aterki hori eta erkidego asko babes gabe daude".

"Txertaketaren derrigortasuna eskatzea baztertzailea da"

Txertaketa kanpainarekin jarraitu beharra azpimarratu du. Gogoratu du herritarren %70k baduela jada pauta osoa, eta falta direnak bultzatu behar direla horretara. "Guri dagokigu kanpaina egitea txertoaren onurak ikustarazi eta familiek gazteen izenam eman ditzaten txertoa hartzeko", esan du.

"Mundu guztiari txertoa hartzeko aukera eman ez zaionean", txertaketa lanerako edo edonon sartzeko eskatzea "baztertzailea" dela ere esan du Zupiriak ea harrigarri jo ditu, covid ziurtagiriaren derrigortasuna eskatzeko hainbat erkidego izaten ari diren jokabideak.

Lehendakarien konferentziaz, "erabaki onena" hartuko du Urkulluk

Ostiralean, Pedro Sanchezek egingo duen lehendakarien konferentziaz galdetuta, berriz, esan du Iñigo Urkulluk oraindik ez duela erabaki joango den edo ez: "Ez dut uste bere erabakiak zer ikusia izango duenik gauza puntual batekin", adierazi du Sanchezi bidali zion gutunaz eta haren erantzunaz galdetuta. "Balantzan jarri dituen elementuak asko dira, eta horren arabera hartuko du erabakirik onena", amaitu du.