Itxi

Faktoria

Rider-en legea indarrean

"Oraindik ez digute kontraturik eskaini, baina baldintza oso txarrak ezarri nahi dizkigute"

Xiker Esnal | EiTB Media

Klemen Celestino janari banatzaile edo rider-ak ez du jaso lan kontratua izateko eskaintzarik, nahiz eta gaurtik indarrean izan rider-en legea Hego Euskal Herrian. Dena den, sektorean aritzen diren enpresek "tranpa" egin nahi dutela uste du Celestinok, banatzaileen baldintzak aldatu ez daitezen.

  • "Oraindik ez digute kontraturik eskaini, baina baldintza oso txarrak ezarri nahi dizkigute"

    Rider bat. Argazkia: EFE

    10:12 min
imagen player
imagen player
imagen player

Ostegun honetan sartu da indarrean rider-en legea Hego Euskal Herrian eta Espainian. Janari banatzaileen jarduera arautzen duen legea da, joan den maiatzean onartu zutena. Euskal Herrian 1.500 bat dira zeregin horretan aritzen diren langileak, eta horietako bat da Euskadi Irratiko "Faktoria"n elkarrizketatu dugun Klemen Celestino iruindarra, Nafarroan Glovo enpresa auzitara eraman zuen lehendabizikoa.

Glovo enpresarentzat egiten du lan, orain arte laboralizazioaren bideari ekin dion enpresa bakarrarentzat, baina Celestinok kontraturik gabe jarraitzen du. "Oraindik ez digute kontraturik eskaini", esan digu LAB sindikatuko eta Riders X Derechos elkarteko kide den banatzaileak. Hala eta guztiz ere, mesfidati da Celestino etorkizuneko lan baldintzen inguruan. Banaketa enpresek "tranpa" egin nahi dutela uste du, rider-en egoerak orain arte bezala jarraitu dezan. Azpikontratazioa edo autonomo gisa jarraitzea izango dira aukerak seguraski, Celestinok azaldu digunez.

Formalki ezer jaso ez arren, iritsi zaizkien berriak ez dira baikorrak. "Baldintza oso txarrak" eskainiko dizkietela uste du Celestinok, eta hori gutxieneko soldata izango den beldur da. Astean sei lanegunen truke 900 euroko soldata eskainiko dieten aurreikuspena du LABeko rider-ak: "Glovok hori egin nahi du", dio Celestinok. "Hitzarmen duin baten aldeko borrokan" jarraituko dutela esan digu, eta "ostalaritzaren hitzarmenean" egon nahi dutela. Legea indarrean sartu den egunean, langile iruindarrak autonomo gisa jarraituko du janari banaketak egiten.