Itxi

Faktoria

Elkarrizketa

Denis Itxaso: "Elkarbizitza lortzeko kontua ez da legala den ala ez. Legala izan daiteke, baina morala da?"

I. I.

ETAko presoen harrera publikoek "ez dute laguntzen", Denis Itxaso Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkariaren arabera. Juridikoki baino, garai berriei begira, bidea hori ote den hausnartzeko eskatu dio ordezkari sozialistak Ezker Abertzaleari.

  • Denis Itxaso, Euskadi Irratian.

    Denis Itxaso, Euskadi Irratian.

    23:29 min
imagen player
imagen player
imagen player

Euskal presoei egiten zaizkien ongi etorriak legezkotasunean baino moralitatean oinarrituta behar dutela esan du Denis Itxasok, Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkariak, Euskadi Irratiko "Faktoria"n. Agustin Almaraz presoari egindako ongi etorriaz bi irakurketa egin ditu gobernu zentralaren ordezkariak. Batetik, ETAk iraganean eragindako sarrakioak omenduz "hainbat zauri irekitzen dituela" dio; eta bestetik, kartzelatik irten ondoren iraganeko jarduna goraipatuz "espetxean egindako birgizarteratze lana" lapurtzen zaiela argudiatu du. Elkarbizitza ardatz izango duen etorkizunean biktimak eta biktimarioak elkar ikusiko dutela kontuan izanik, uler dezake Itxasok harrera intimoa egitea, baina ez omenaldi publikoko jaiak antolatzea.

Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko harremana bide onetik doa, Denis Itxasoren arabera, gobernuen arteko elkarlana konfiantzazkoa baita. Euskadiko eskumenen transferentziari dagokionez, "lanean ari gara", dio gobernu zentralaren ordezkariak. Aurrez finkatutako egutegiak epeak zehazten dituela bai, baina ohartarazi du ez duela esan nahi tarte horretan adostu eta itxiko direnik.

Pandemiari dagokionez, neurrien malgutzea ekarriko lukeen LABI politikoa batzartzeko deialdirik ez dela momentuz azaldu du. Bizi Berri planarekin bat datorrela dio, eta teknikariek hala badiote, egungo neurriak mantentzea egoki ikusten du. Dosiak iritsi eta hitzorduak bete gabe daudela ikusita, txertaketan jarri du azpimarra Denis Itxasok: "Ez litzateke solidarioa herri moduan txertoak galtzea, mundu zabalean iritsi ez direnean".