Itxi

Faktoria

Heriotzak lan-istripuetan

Ixaxkun Sarasola: "Min handiena ematen du ez argi esateak zer gertatu den; oso desanparatuta gelditzen zara"

Ixaxkun Sarasolak bikotekidea arto bilketan izandako lan-istripu baten ondorioz galdu zuen duela 3 urte. Unai Anillok hilabetean bi lankide galdu zituen Productos Tubularesen. Lan istripuen atzean zer dagoen eta aurre nola egin aztertu, eta Osalaneko Luis Mujikaren ikuspuntua ere jaso dugu.

  • Ixaxkun Sarasola

    Ixaxkun Sarasola

    26:02 min
imagen player
imagen player
imagen player

Bikotekidea lan istripuz galdu ondoren sentitutako minaz eta bakardadeaz mintzatu zaigu Ixaxkun Sarasola. Lehen sektorean lan egiteak dakartzan arriskuez behin baino gehiagotan hitz eginda zeuden bera eta Axier Mujika, bikotekidea: "Askotan hauek lehenbailehen egin behar dira, askotan apenas lorik egin gabe, jan gabe… makina oso potentekin ari dira lanean…. eta azkenean  pasa zen pasa behar ez zuena". Arto bilketan izandako lan-istripu baten ondorioz hil zen duela 3 urte. Salatu du, Axierren kasuan, segurtasun neurriak ez zirela behar bezalakoak baina mingarriena jo du, "ez dela esaten argi eta garbi momentuan zer geratu den. Enpresaren joera da ixo, ea zer gertatzen den, epaia argitu bitartean bakoitza bere lekuan… eta hori oso mingarria da guretzako. Esan egin behar da lanean gertatu zela istripua eta tamalez, nekazal sektore honetan askotan gertatzen dira".  Eta mingarria, baita ere, azpi-akusazio gisa entzun behar izatea, "Axierrek hanka eduki behar ez zuen lekuan zeukala. Berez, legeak dio horrelako makina batera ezin duela inork gerturatu baina makina horrek ez luke lanik egingo desataskatzera joango ez balira. Hor kontradikzioa dago eta akusazio hori egiteak, egin behar ez zuena egin zuela sugeritzeak, horrek kriston mina egiten du". Justiziaren geldotasuna ere salatu du Ixaxkunek, istripua izan eta hiru urtera instrukzio fasean jarraitzen dutelako oraindik: "Oso desanparatuta gelditzen zara".  

Industria alorrari ere begiratu nahi izan diogu "Faktoria"n. Unai Anillo urtetan Trapagako Productos Tubulares enpresako lan batzordean lanerako arriskuen prebentziorako arduradunak salatu du produktibitateari ematen zaiola lehentasuna eta horren ondorio direla askotan, lan istripuak. Berak bi lankide galdu zituen iaz hilabeteren buruan. Abdul senegaldarra teilatutik 15 metrotik behera erorita eta Jose Antonio, eskarmentu luzeko lankidea, hodi batek harrapatuta. Azpikontratutako enpresa batentzat lan egiten zuen lehenak; hoditegiko bertako langilea zen bigarrena.  Bi istripuetan atzean zer dagoen galdetuta, Anillok argi du lan-karga handia eta erritmo bizkorregia daudela. "Lanpostuen prekaritateak eta produktibitatea ezerren aurretik jartzeak, segurtasuna alde batera uzten du eta hori industrian egunero ikusten dugu", esan digu.

Luis Agirre Osalaneko Gipuzkoako arduradunak bere aldetik prebentzio kulturan sakondu beharra aldarrikatu du: "Gure gizarteak urratsa eman du eta ez ditu onartzen jada, trafiko istripuen ondorioz pertsonak hiltzea, ezta tabakoa erretzeagatik ere, mingarria egiten zaigu bana badirudi onartuta dagoela lanera joatean arriskua dagoela. Eta gizarte bezala ez genuke hori onartu behar, lanera joan eta ez bueltatzea etxera. Gizarte honek hori oraindik onartu egiten du". Halere, laneko arriskuei aurre egiteko prebentzioan urratsak eman direla azpimarratu du. Lan istripu mota aldatzen ari dela ere kontatu digu, segurtasun ezaren ondorio direnak murrizten ari diren bitartean, goraka doaz atzean faktore siko-sozialak dituztenak.  Enpresen tamainaren arabera, handiek baliabide gehaigo dituztela prebentzxiorako eta generoa ere arrisku faktorea dela gehitu du," emakumeek lan istripu larri gutxiago dituzte baina beste istripu mota batzuk jasaten dituzten eta horiek gutxiago aztertu dira".