Itxi

Faktoria

Etxerik gabeko gazte etorkinak

Reda: "Bitan egin didate hozka arratoiek. Herrerako zubipean egiten dut lo. Handik joaten naiz ikastera"

JOne Larrañaga | EITb media

Handitzen ari da aterperik gabeko gazte magrebiarren kolektiboa, batez ere Bilbo eta Donostian. Elkarteetatik ohartarazpena egin dute: gazte hauen espektatibak ez dira betetzen ari, kalean daude eta horrek arriskua dakar: kontsumoak, buru gaixotasunak, eta jarrera deliktiboak.

  • Reda, Jatorkin elkarteak Donostian kudeatzen duen Aieteko eguneko zentruan

    Reda, Jatorkin elkarteak Donostian kudeatzen duen Aieteko eguneko zentroan

    29:16 min
imagen player
imagen player
imagen player

Marokoarra da Reda. Pateraz iritsi zen aurrena Lanzarotera eta handik penintsulara. Hiru hilabete daramatza Donostian, kale gorrian lotan. Herrera auzoko zubi baten azpian egiten ditu gauak. Bitan egin diote hozka arratoiek baina ez du beste lo lekurik. Han esnatuta joaten da egunero Irunera, gizarte zerbitzuetatik eskaini dioten soldatzaile ikastaro bat egitera. Marokon egindako ekonomia ikasketekin jarraitu nahiko luke, halere, eta marketing digitalean aritu hemen. Hori du ametsa. Hori eta orain bizi duen egoera latza aldatzea. Jatorkin elkarteak Donostian duen eguneko zentruan mintzatu zaigu, kale gorrian bizi diren beste gazte etorkin batzuekin batera.

Antzekoak dira bertan entzun ditugun testigantzak. Pandemia ostetik handitzen ari den kolektiboa da gazte etorkin magrebiarrena. Ez dira adin-txikikoak, ez dira transitoan Europarako bidean doazen migratzaileak (hara eta hona ibiltzen dira lana non aurkituko) eta haientzako loleku nahikorik ez dute erakundeek.  

Sara Mchichou

Sara Mchichou

Eurekin lanean ari diren boluntario eta gizarte erakundeek egin digute ohartarazpena, besteak beste, Darkum elkarteko Sara Mchichouk Donostiatik eta Irene Ginestal Peñascal kooperatiba elkarteak, Bilbotik: Gazte hauek haien espektatibak ezin bete daudela sentitzen dute, kalean daude, iraunbizitzeko alertan etengabe… eta horrek arriskua dakar: kontsumoak, buru gaixotasunak eta jarrera deliktiboak. Aitziber San Roman Donostiako udaletxeko gizartekintza zinegotziak pertsona hauentzako dagoen erantzuna zein den azaldu du, gainontzeko herri erakundeei egin die dei plazak sor ditzaten eta herritarrei ere bai, ez diezazkiegun oztopoak jarri, adibidez, etxebizitzak alokatzeko orduan: "inork ez dizkie alokairuan utzi nahi".