Itxi

Faktoria

Buru osasunaz hizketan

Xabier Lertxundi: "Buru Osasun Sareak berrantolaketa behar du. Pandemiak agerian utzi ditu gabeziak"

P.G. | EITB Media

Gipuzkoako Buru Osasun Sarearen arduradunak baliabide gehiago eskatu ditu buruko osasunarentzat eta lehen arretak jokatzen duen paperaren garrantzia azpimarratu du: "Sarbidea da, gurera iristen diren gaixoen % 85 lehen arretak bideratzen dizkigu. Hor ere aldaketak egin behar dira".

  • Datorre igandean ospatuko da buruko osasunaren munduko eguna.

    Datorre igandean ospatuko da buruko osasunaren munduko eguna.

    23:22 min
imagen player
imagen player
imagen player

Buru Osasunaren Nazioarteko Egunaren bezperatan, Xabier Lertxundi Gipuzkoako Buru Osasu Sarearen Kudeaketa Klinikoko Unitatearen arduraduna eta Iban Onaindia Bizkaiko Psikologoen Kolegioko bokala bildu ditugu "Faktoria"n mahaiaren bueltan, pandemiak buruko gaitzetan izan duen eragina  eta egun indarrean dauden baliabideak aztertzeko.

Biek onartu dute pandemiaren eraginez ugaltzen ari direla buruko gaitzekin iristen zaizkien pazienteak. Antsietate eta depresio kasuak asko eta nerabe eta gazteen artean elikadura arazoak ere ugari. Kasuak larriagoak ote diren galdetuta, "sintomen intentsitatea" aldatu dela onartu dute biek.  Onaindiak adibidea ere jarri du, "itxialdia amaitu eta gero ume pila bat hurbildu zitzaizkigun tic oso arraroekin" Letxundiren hitzetan, "arazoa konpontzea zailagoa ere izan daiteke orain,  buruko gaitzaz gain  zuk kudeatu ezin ditzakezun bariableak daudelako, lana galdu, egoera ekonomiko zaila jasan...".

Bat etorri dira biak buruko osasun sistemaren arazoak lehendik datozela esaterakoan. Xabier Lertxundiren hitzetan, "gauza asko egiten badira ere eta ondo egin gainera, pandemia bezalako egoerek agerian uzten dituzte gabeziak eta ahuleziak". Hiru gabezia nagusi aipatu ditu: ospitale eta anbulategien arteko tarteko errekurtsoak, nerabe eta gazteentzako baina orokorrean ere bai, profesionalen falta eta lehen arreta indartu beharra: "psikiatra, psikologo kliniko eta erizain espezializatuak fala dira baita ordezkapenak egiteko ere. Arazoa oso larria da eta areagotu egingo da datozen urtetan. Eta lehen arreta izugarri inportantea da.  Normalean, antsietate eta derpesio kasuen gehiengoa lehen arretak kudeatzen ditu baina eurek ere bere mugak dituzte. Sikologoak jarri, gurekiko harremana beste modu batera planteatu.... hor ere aldaketak egin behar ditugu".

Iban Onainidiak ere uste du arazoa "estrukturala" dela. "Lehen arretan ez dago psikologorik eta hara iristen dira lehen arreta eskariak. Errekurtsoak behar dira baina epe laburrean ez daukagu konpontzeko gaitasunik, formazioaren ikuspegitik esate baterako, sei, zapi edo zortzi urte itxaron behar delako eta jada behar ditugu konponbideak". Gehiegizko medikalizazioaren arriskua ere aipatu du: "Behar bezalako baloraziorik eta inberbentziorik egin ezin denean, medikalizazioa besterik ez da gelditzen, sintomak desagerrarazten dira baina arrazoiak ez".