Itxi

Faktoria

Ekonomia

Pedro Azpiazu: "Euskadiko fiskalitate maila ona da eta enpresen jarduera bultzatu egiten du"

JOne Larrañaga | EITb Media

Aurreikuspen ekonomikoei buruz moderatuki baikor mintzatu da. Energiaren garestitzeak edota hornigaien krisiak ezjakintasunak eta zalantzak dakartzala esan du, baina "aldaketa txikia" izango dela, nolanahi ere: "Ez gaitezen tremenditak izan".

  • Pedro Azpiazu

    Pedro Azpiazu

    19:18 min
imagen player
imagen player
imagen player

Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak defendatu du Euskadi erakargarria dela enpresentzat eta euren jarduera bultzatzen duela bertan indarrean den fiskalitateak. "Euskadik gauza asko ditu erakargarri. Ez bakarrik zergak, baina zergak ere bai", iritzi dio azken egunotan Isabel Diaz Ayuso Madrilgo komunitateko presidenteak zabaldu duen eztabaidaren harira. "Elkarteen gaineko zergak maila ona du eta enpresen jarduera bultzatu egiten du", azpimarratu du. Diferentzia nabarmena ondarearen gaineko zergan dagoela gogoratu du, baina hemen "oso marjinala" dela, "% 1 baino txikiagoa". "Ez dugu inork zergarik ordaindu nahi, baina denok nahi ditugu zerbitzu publiko onak. Eta bi gauzak ez dira bateragarriak", esan du.

2022ko aurrekontuak negoziatzeko bilera itzulia hasi atarian izan da Azpiazu Euskadi Irratiko "Faktoria"n. Bilera horietan oposizioko taldeek fiskalitatearen gaia mahai gainera aterako dutela badakien arren, Azpiazuk berretsi du aurten ez dutela eztabaida hori zabalduko. Aurten inbertsio urtea izango dela, badaudela bitartekoak eta hurrengo urtera arte atzeratuko dela hausnarketa, gutxienez. "Datorren urtean Europako arauak aldatu egingo dira. Politika ekonomikoak moldatzen joan beharko dugu eta baliteke hori izatea unea", adierazi du.

 Aurreikuspen ekonomikoez, "ez gaitezen izan tremendistak"

Hazkunde ekonomikoei buruz moderatuki baikor mintzatu da sailburua eta adierazi du aurtengora iragarritako % 6,7ko hazkunde aurre ikuspenetik ez gaudela urruti. Onartu du argindarraren prezioak eta hornigaien krisiak ziurgabeziak eta zalantzak dakartzala, baina "hala ere", azpimarratu du, "aldaketa txikia" izango dela. "Lasaitasunerako deia egin behar dugu. Ez gaitezen tremendistak izan. Laino beltzak hor daude baina argituko duela uste dut" esanez amaitu du.