Faktoria
ALZHEIMERRA
Alzheimerraren ikerketaz eta diagnosiaz: aurrerapauso handiak, prozesu geldoan
Imanol De La Varga | EITb Media
Alzheimerraren diagnostiko goiztiarraren garrantzia azpimarratu digute ikertzaile eta eragileek. Esparru horretan ematen ari diren aurrerapausoez hitz egin dugu. Alzheimerraren gaitzari heldu diogu gaurko "Faktoria" saioan, Garazi Ugarte, Gorka Orive eta Miren Altunarekin.
-
ALZHEIMERRA
17:18 min
Mundu mailan 47 miloi lagunek pairatzen duten gaitza da, 47.000k dute diagnostikoa Euskal Herrian. Baina, askoz gehiago izan daitezke. Zientzialariek uste baitute 10 kasutik 6 ez direla atzematen.
Garazi Ugarte CEAFA elkarteko idazkari teknikoak azaldu digu diagnosi goiztiar batek laguntzen duela tratamenduaren eraginkortasuna areagotzen, baina baita gaixoaren erabaki-ahalmenean; garaiz hartu ditzakeelako zenbait erabaki: zaintzari, ondasunei edo ekonomiari lotutakoak, besteak beste.
Gorka Orive Euskal Herriko Unibertsitateko Farmazia fakultateko irakasle eta ikertzaile, eta GEROA Diagnostics konpainiaren fundatzailea ari da zentzu horretan ikertzen. Azaldu digu diagnosia erraztuko luken tresna garatzen ari direla. Listu bidez proteina konkretu bat atzeman ahal izateko lanean ari dira. Tresna horrek ez luke alzheimerra zuzenean detektatuko, baina asko erraztuko luke diagnosia, baheketa lana egingo bailuke.
Teknika merkea, ez-mingarria eta zabaltzeko erraza litzateke, eta, besteak beste, asko lagunduko luke baliabide gutxiko eremuetan.
Miren Altuna Espainiako Neurologia Elkarteko kideak azaldu digu, proteina zehatz horiek odolean detektatzeak zehaztasun handiagoa ekarriko lukeela. Azken urteetan bestelako aurrerapauso handiak eman ei dira Alzheimerraren tratamenduaren esparruan. Besteak beste, Estatu Batuetako medikamentu agentziak onartu duen botika; baina, botika bera baino, zabaldu duen bidea jo du interesgarritzat Altunak.
Entzun xehetasun guztiak, "Faktoria"ko mahai-inguruan.