Itxi

Faktoria

A 25

De la Cuesta: "Zailena da biktima bat berriro ere biktima izateko dagoen arriskua aurreikustea"

P.G. | EITB Media

Gorka de la Cuesta epailearen hitzetan, "oso garrantzitsua da biktimak ulertzea zergatik egiten ditugun epaileek hain galdera zehatzak; erantzun horietan oinarrituko baita prozedura kriminala. Ez da tramite erraza epaile baten aurrean kokatu eta zure barrukotasunaz hitz egitea; oso gogorra da".

  • Gorka de la Cuesta, Tolosako epaitegiko lehen auzibideko epailea

    Gorka de la Cuesta, Tolosako epaitegiko lehen auzibideko epailea

    12:28 min
imagen player
imagen player
imagen player

Gorka de la Cuesta lehen auzialdiko eta instrukzio epaitegiko epailea da Tolosako epaitegian eta berari dagokio emakumeen aurkako indarkeria kasuen ardura. Biktima diren emakumeek epailearen aurrean deklaratu behar dutenean mesfidantza sentitu dezaketela onartu du "Faktoria"n: "Ez da tramite erreza, epaileak galderak egingo dizkizu, zure barrukotasunaz, ...gehien maitatu behar zaituen pertsonak jo zaitu, oso egoera gogorra da hori eta pertsona batek galdetzen dizu zer gertatu den, nola...ez da gustuko zerbait, baina bai beharrezkoa".

De la Cuestaren iritziz, oso garrantzitsua da "emakumeak ulertzea zergatik egin behar ditugun galdera hain zehatzak, zergatik behar dugun zehaztasuna, erantzun horietan oinarrituko delako prozedura kriminal bat, eta egitateek zehatzak izan behar dute". Ber-biktimizazioarei dagokionez, epaileak nabarmendu du arazoa dela gauzak zergatik egiten diren ulertzea: "Mesfidantza ekidingo genuke ulertaraziko bagenu zergatik eta zertarako egiten den". Gainera, politika publikoak eskatu ditu biktimari jarraipena emateko, "prozedura ez delako amaitzen babes aginduarekin".

Zentzu horretan, zailena biktima bat berriro ere biktima izateko dagoen arriskua neurtzea dela gaineratu du. "Orokorrean, eraginkortasun maila ona dugu epaitegiek, babes neurriak ematen dira, ikertzen dira zantzuak, arriskua aztertzen da... baina badago funtsezko gai bat, biktimaren arrisku aurreikuspena. Ez dugu kristalezko bola bat, ezin dezakegu etorkizuna asmatu eta elementu objektibotan oinarritu behar dugu eraso gehiago jasateko arriskurik ba ote duen. Oso garrantzitsua da balorazioa ondo egitea, horretan oinarrituko direlako erabakitzen diren kautelazko neurriak". Aurrerapauso bat litzateke, De La Cuesta ren iritziz, gizarte zerbitzuen eta epaitegien arteko harremana finkatzea, han informazio baliagarria izan dezaketelako biktimaren egoeraz: "Helburua biktima babestea eta babestua dagoela sentitzea delako.