Itxi

Faktoria

Nafarroako lehendakaria

Maria Chivite: "Covid ziurtagiria adinekoen egoitzetan eskatzea aztertuko dugu"

MIkel Rotaetxe | EITB Media

Erietxeetako presioari eutsi bitartean, neurri murriztaile berririk ez du espero Nafarroako lehendakariak. Urtea amaitzerako espero du euskararen dekretua, eta berretsi du PSNk ez duela sekula EH Bildurekin gobernu-itunik adostuko.

  • Maria Chivite

    Maria Chivite

    21:33 min
imagen player
imagen player
imagen player

Atzemandako covid positiboetan baino, arreta ospitaleetako presioan jarri behar dela iritzi dio Maria Chivite Nafarroako Gobernuko lehendakariak. Euskadi Irratiko "Faktoria"-n eskainitako elkarrizketan, Chivitek esan du, egungo egoerari eutsi bitartean, Foru Erkidegoan ez dela neurri murriztailerik zorroztuko.

Lehentasuna txertatzea dela nabarmendu du: "Txertatzea bizkortu nahi dugu, hori da lehentasuna, eta Eguberrietarako espero dugu adineko eta herritar zaurgarriei errefortzu-dosia ematea". Covid ziurtagiriaz galdetuta, agintari sozialistak uste du herritar zein ostalariek "ongi" hartu dutela neurria, eta iragarri du adinekoen egoitzetara zabaltzea ari direla aztertzen.

Pandemiak, hornidura-eskasiak eta erregaien garestitzeak Nafarroako finantza eta enpresak astinduta, Chivitek onbidean ikusten du lurraldeko ehun ekonomikoa, eta baikor hitz egin du, esaterako, Volkswagenen Landabengo lantegiaren etorkizunaren inguruan: "Europaren bidetik goaz, eta, Espainiako gobernuaren PERTE diru-laguntzen bultzadaz, auto elektrikoa Landabenen egingo dutela espero dut".

"Euskarak ez du meritu izan behar eremu ez-euskaldunean"

Euskararen dekretua urte amaiera aurretik onartuko dutela espero du Chivitek eta ziurtatu du Foru Gobernuan "adostasun handia" dagoela PSN, Geroa Bai eta Podemosen artean. Funtzio publikorako sarbidean euskarak behar duen tokia da desadostasunik nagusia, eta, dekretuak zer jaso zain, lehendakariak argi esan du ez duela meritu gisa onartuko: "Eremu ez-euskaldunean ez da meritu izango". Aitortza ez horrek euskal hiztunen eskubideak urratzen dituenik ukatu du Chivitek: "Errealitate soziolinguistikoa errespetatzea da kontua".

"Gobernu-akordiorik ez EH Bildurekin"

Euskal Herria Bildurekiko harremanez galdetu diogu Chivite, eta unean uneko akordioak "positibotzat" jo ditu, "eduki sozial" nabarmena dutelako. Hori bai, lehendakariak berretsi du, PSNren idazkari nagusi den bitartean, ez dutela koalizio subiranistarekin gobernu-itunik adostuko. EH Bildurekiko harremanak tarteko Navarra Sumak sozialisten aurka duten jarrera kritikatu du, era berean: "Ahul daude, eta ezer ez adosteko moduan, eta badirudi ahaztu egin zaiela Miguel Sanz Adolfo Araizekin elkartzen zela 90eko hamarkadan". Eskumenen eskualdatzeari dagokionez, Chivitek "pazientzia" eskatu du trafikoaren kudeaketaren transferentziaren inguruan, eta Eusko Jaurlaritzarekiko hartu-emanez, "lankidetza ona" dutela nabarmendu du, "bereziki pandemian".