Faktoria
Gazteak eta gaua
"Egonkortzen ari dira Euskadin bortizkeriarako joera duten gazte talde antolatuak"
Jone Larrañaga | EITB Media
21 talde idenifikatu ditu Ertzaintzak. Jipoiak edota indarkeriaz egindako 200 ekintza deliktibo zenbatu dituzte urtero. Gazteek diote talde jakinak direla beldurra zabaltzen ari direnak baina 'gaizto' estiloa boladan dagoela. Kale hezitzaileen arabera, tentsioa dago gau giroan.
-
Borrokaldi bat Boluetan, 2019an
27:28 min
Kalean eta gau giroan, bereziki, bortizkeriaz ari diren 21 gazte talde antolatu ditu atzemanak Ertzaintzak, Euskadi Irratian zabaldu duenez. Bat, Donostialdean; bost Gasteiz inguruetan eta gehienak Bizkaian: 15.
Horiekin daude lotuta joan den urteko udan Amorebietan izandako talde jipoia, Gorlizko pinudian gertatutakoa edo, aurtengo Errege egunaren bezperan, Portugaleten egindako erasoa: LDS taldeko kideak lirateke 15 urteko mutil bati zauri larriak eragin zizkioten gazteak.
2017tik 2020ra, Ertzaintzak tankera honetako 200 talde ekintza deliktibo zenbatu ditu, urteko. 13-19 urteko gazteak dira talde antolatu hauetan ari direnak: mutilak ia denak. % 59 hemen jaiotakoak eta % 41 jatorri atzerritarrekoak (atzerriko identifikazio zenbakia dutenak).
Ertzaintzaren arabera, egonkortzen ari dira talde hauek. "Datuek erakusten dute kontsolidatzen ari den errealitatea dela", zabaldu dute intelijentzia iturrietatik.
Asier Erkoreka Euskadiko udaltzainburuen elkarteko presidenteak zehaztu duenez, nolanahi ere, "hemengo egoera ez dator bat" Latinamerika edo estatuko beste hiri batzuetan zabalduak dauden bandekin. Zehaztu du ez daudela hain jerarkizatuak eta ez direla hain itxiak. Han eta hemen egiten dituztela ekintza deliktibo horiek baina ez direla egonkorrak. "Beldurraren tratamendu orokorra ematea ez litzateke errealitatearen argazkia ematea", zehaztu du.
Gazteek eurek aitortzen dute talde jakinak, beti berberak direla indarkeria jarrerak dituztenak. Nolanahi ere, gazte askok diote boladan dagoela "gaizto estiloa", "txungo izatea" eta parranda asko amaitzen direla borrokaldiekin. Tentsio hori badagoela onartu du Unai Zabala pedagogo hezitzaile eta Agintzariko kideak. Azaldu du 80. eta 90ko hamarkaden pareko giro gaiztotua atzematen dela kaleetan, "ezaugarri berriekin bada ere": besteak beste, sare sozialetan nortasuna garatzeko eredu bat ikusi dutela dio eta "errealitate fisikora salto egiten dutenean talka egiten dutela, batzutan, bi mundu horiek". Hori behar bezala bideratzeko, bitartekariak behar direla aldarrikatu du Zabalak: familian eta eremu formaleko heziketa indartuta baina, baita ere, kalean esku hartuta.