Itxi

Faktoria

Musukoen derrigortasuna amaitu

Aginagalde: "Musukoa kentzea aproposa da, horrek ez baitu intzidentzia-kurba handitzen"

OIhane Yustos | EITb Media

Adrian Aginagalde epidemiologoa eta Kantariako Osasun Publikoko behatokiko zuzendaria da. "Faktoria" albistegian esan du musukoaren derrigortasuna ezarzen duten salbuespen batzuek ez dutela zentzurik: "ebidentziarekin kontraesana dute, adibidez, garraio publikoan; oso kutsakortasun txikia du".

  • Adrian Aginagalde epidemiologoa

    Adrian Aginagalde epidemiologoa

    8:47 min
imagen player
imagen player
imagen player

Goizean goizetik ordenagailu aurrean Errege Dekretuak argitaratzen zuena irakurri zain egon da Adrian Aginagalde epidemiologoa. Kantabriako osasun publikoko Behatokiko zuzendaria da eta Estatuko beste erkidegoetako arduradunen moduan, bi aste eman ditu musukoen derrigortasuna kenduko duen zirriborroa prestatzen. Eta aurkitu ditu berrikuntzak Osasun Ministerioak kaleratu duen araudi berrian: "Adinekoen egoitzetan egoiliarrek espazio komunetan ez dute musukoa jarri beharko" eta hori ez zuten aurrikusita, batez ere, zahar-egoitzetan izan diren kutsatze mailen aurrean.

Kezkagarriena, Aginagalderen hitzetan, lan egoitzen araudia da: "Ez da ongi idatzi, ez da garbi gelditzen maskararen erabilera arrisku prebentzio zerbitzuak indarrean jarri eta derrigortasuna ezar dezakeela". Kantabriako Osasun Behatokiko arduraduna ez dator bat Osasun Ministerioak hartu duen bidearekin: "Alerta-ponentziako teknikariek ez genuen babestu. Ez da epidemiologikoki onena; izan ditugu distantziak mantentzen diren tokietan tamaina handiko agerraldiak, enpresa industria bat denean, adibidez". Egin denaren aurkakoa nahi zuten osasun profesionalek, hau da, "ahal zenera arte derrigortasun maila proposatzen genuen, eta, ondoren, musukoa kentzeko salbuespenak, baina aurkakoa egin da. Ez dago derrigortasunik, eta arrisku zerbitzuek jarri beharko dituzte musukoa jartzeko salbuespenak".

Salbuespenak

Europako beste herrialdeetan onartu diren bidetik doaz Errege Dekretuak jasotzen dituen salbuespenak: osasun azpiegituretan, adinekoen egoitzetan eta garraio publikoan maskara jantzi beharko dugu Hego Euskal Herrian eta Espainiar Estatu osoan. Aginagaldek atal batean ez du uste beharrezkoa denik: "Ebidentziarekin kontraesanak daude, adibidez, garraio publikoan. Orokorrean oso kutsakortasun tasa txikia du, bai hegazkin eta baita autobusetan ere, 30 minututik beherako bidaiak direnean. Orduan, ez du erabateko zentzurik salbuespenak leku guztietan jartzeak, baina Europako Batasunean horrela egin da, eta hobe da antzeko neurriak jartzea".

Eskoletan musukoa kentzeko erabakiaren aurka ez du eragozpenik Adrian Aginagaldek. "Kktsakortasuna oso baxua da, seguruenik, esparru guztietatik baxuenetakoa gela guztia kontuan hartuta, eta positibo baten ondoan egon direnak kontuan hartuta ere bai. Horrek badu azalpena; biologikoki umeek ez dutela berdin kutsatzen, euren errezeptoreak ez dira garatu eta birus kopuru txikiagoa botatzen dute".