Itxi

Faktoria

Farmazia industriaz, Faktoria

Farmazia-industria: osasunaren eta errentagarritasunaren ekuazioan

MIkel Rotaetxe | EITb Media

Farmazia-industriak 1,3 bilioi dolarreko balioa erregistratu zuen 2021ean. Mozkin gehien eragin dituen sektoreetako bat da eta, pandemia betean, deabrutuenetakoa. Baina, era berean, ezinbestekoa da egungo bizi-kalitateari eusteko. Enpresa farmazeutikoez aritu gara Euskadi Irratiko "Faktoria"n.

  • Ikerlaria laborategian

    Ikerlaria laborategian

    26:59 min
imagen player
imagen player
imagen player

Farmazia-industriak berrikuntza-markak hautsi zituen iaz: Medikamentuen Europako Agentziak 200 botika baimendu ditu eta datorren bost-urterako, 950 mila milioi euroko inbertsio-proiekzioak egin ditu. XX eta XI. mendeetan zehar bizi kalitatea hobetzearen erantzuleetako bat da sektorea, baina, era berean, negozio-iturri mardula. Enpresa farmazeutikoek urteak eman dituzte fakturazio-datuak hobetzen eta covid-19aren aurkako borrokak aurrekaririk gabeko bultzada eman diete. Urrezko urtean, 2021ean, 65.000 milioi euro irabazi dituzte txerto eta pilulen salmentari esker. Pfizerrek 2020ko fakturazioa bikoiztu du eta Modernak irabaziak izan ditu lehen aldiz. Euskadi Irratiko "Faktoria"-n egin du farmazia-merkatuaren mapa Amaia Ormaetxea ekonomia-kazetariak: "Kopuruok koiunturalak diren ala ez ikusi beharko dugu, baina gizartea zahartu ahala, zahartzaroari lotutako tratamenduak gero eta fakturazio-iturri mardulagoak dira". 

Farmazia-enpresei buruzko tarte berezian, Leioako Faes Pharmako erosketa zuzendariorde Ibai Gonzalezek azaldu digu sektoreko enpresen jardunbidea. Alergiak eta hesteetako gaitzak sendatu eta leuntzeko produktuak lantzen dituzte, eta inmunomodulazioa eta D bitaminarekin lotutako medikazioa. "10-15 urte behar dituzu molekula bati buruzko ikerketa-lerro bat abiatzen duzun unetik, produktua merkaturatu eta irabaziak lortzen hasten zaren arte", azaldu digu, "eta molekula bat patentatzearen alde ona da, 20 urte arteko patentea eskuratu dezakezula". Enpresen arteko lehia "beharrezkoa" dela uste du Gonzalezek, "enpresa asko gaudelako ikerketan eta ikerketa pizten duelako".

Gaitzak lehenesteaz eta ikerketa publikoen garrantziaz

Osasuna eta etekinak ekuazio berean sartzeak "sentsazio arraroak" sor ditzakeela aitortu du Ugo Mayor Ikerbasqueko ikerlariak, osasunaren kontura norbait dirua irabazten ari delako, "baina bestela nork egingo luke ikerketa?". Aitortu du enpresa pribatuetan ohikoa dela, errentagarritasunaren mesedetan, ikerketa-lerro batzuk lehenestea: "Ikerbasquen gaitz arraroak ikertu ditugunean, hainbat enpresek erantzun digute ibertsioak egitea ez zaiela komeni".

Dena den, gogoratu du ikerketa ez dagoela solik sektore pribatuaren kontrolpean: "Covid-19aren aurkako txertoak enpresa pribatuek merkaturatu dituzte, baina horren garrantzitsu izan den mRNA teknologiaren inguruan ikerketa publikoek aurkikuntza garrantzitsuak egin dituzte". "Ezin daiteke dena enpresa pribatuen esku utzi", esan du, "epe motzean egiten dutenez lan, ezin zaie eskatu 100 urterako emaitzak bilatu nahi izatea, baina horretarako dugu eremu publikoa".