Faktoria
Hauteskunde legislatiboak
Trounday eta Dufau, hauteskundeen biharamunean
MIkel Rotaetxe | EITb media
Hauteskunde legislatiboen bigarren itzulira sailkatuta, NUPESen aurkako botoa eskatu du Elkarrekin koalizioko Annick Troundayk Faktorian, "euskararen kontra dagoelako, besteak beste". EH Baiko Peio Dufauk ez du oraingoz boto-agindurik eman: "Macronen aurka gaude eta NUPESekin arazoak ditugu".
-
Peio Dufau eta Annick Trounday
14:15 min
Asanblada Nazionalerako lasterketan. Frantziar estatuko argazkia atera da Ipar Euskal Herriko boto-kutxetatik, Emmanuel Macron presidentearen Elkarrekin eta Jean Luc Melenchonek gidatutako NUPES koalizioetako hautagaiek egin dutelako hauteskunde legislatiboen bigarren itzulira. Pirinio Atlantikoetako laugarren barrutian, gehiengo presidentzialaren aldeko Annick Trounday baigorritarra nagusitu da, NUPESeko Iñaki Etxanizen gainetik.
Euskadi Irratiko "Faktoria"-n esan duenez, "garrantzitsua" da datorren igandeko bigarren itzulian botoa ematera joatea: "denekin lan egiteko prest nago, ez dut nahi jendea banandu edo kexarazi". Troundayk botoa eskatu die lehen itzulian beste hautagaien alde egin zutenei, Melenchonek "bortitz" hitz egiten duelako eta euskararen aurka dagoelako. Eta abstentzio-tasa altuaz, Elkarrekineko hautagaiak uste du "lan egitea" dagokiela, batez ere gazteekin, "mobilizazioa eragiteko".
Seigarren barrutiko diputatu izateko lehiatik kanpo geratu berritan, "irakurketa baikorra" egin du Peio Dufau EH Bairen hautagaiak: "Parisen ezkerreko aliantza egin dute eta herritarren estatuko ardatzetik eman dute botoa". Hirugarren postuan trinkotuta, abertzaleen goraldia nabarmendu du Dufauk, bide onetik doazela dio, baina oraingoz ez du bigarren itzulirako agindurik eman: "Argi dugu ez dugula Macron nahi, baina NUPESekin arazoak ditugu, euskararen aurka dagoelako, ikastolen aurka eya ez duelako bake prozesua kontuan hartzen".
Trounday eta Dufaurekin batera, France Bleu irratiko Bixente Vrignonek eman ditu emaitzei buruzko gakoak.