Faktoria
Hauteskundeak Kolonbian
Kolonbia: polarizazioa, eskema berriak eta 'petrofobia'
MIkel Rotaetxe | EITb Media
Igandean egingo dute presidentea aukeratzeko hauteskundeen bigarren itzulia Kolonbian. Arantxi Padilla EITBren Kolonbiako berriemailearekin hitz egin dugu Faktorian: "Petrofobia ikaragarria dago, Kolonbiak ez duelako inoiz ezkerra ezagutu eta eliteek pribilejioak gal ditzaketela badakitelako".
-
Gustavo Petro eta Rodolfo Hernandez
10:38 min
"Giroa nahasia da, eta nekea eta tentsioa igartzen dira". Kolonbiako hauteskunde-giro zakarraz hitz egin dugu Euskadi Irratiko "Faktoria"n Arantxi Padilla EITBren Bogotako berriemailearekin, presidentea aukeratzeko hauteskundeen bigarren itzuliaren atarikoetan. Kanpaina korapilatu egin dela azaldu digu eta Gustavo Petro ezkerreko hautagaia buru duen Itun Historikoak heriotza-mehatxuak eta filtrazioak salatu dituela.
"Petrok eskarmentu politikoa du", nabarmendu du, "M19ko gerrillari izan da, Bogotako alkate eta senataria, eta lau urte izan ditu hautagaitza prestatzeko". Padillak gogoratu du Latinamerikan ezkerra Kuba eta Venezuelako ereduekin alderatu ohi dutela arerio politikoek, baina Petrok "ondo" jokatu duela: "Erreforma ekonomikoak agindu ditu eta ondo irakurri du gizartean uribismoarekiko dagoen haserrea". Zerrendakide du, presidenteordegai, Francia Marquez: "Eskema guztiak hautsi ditu eta ilusioa piztu du emakumeen, afrokolonbiarren eta ezer merezi ez dutela uste dutenen artean".
Petrok eta Marquezen arerioaz, Rodolfo Hernandez ultraeskuindarraz, Padillak dio "Kolonbiako Trunp" dela eta hizketa populista duela. "Petrofobia" du alde, gainera: "Kolonbian ez dugu ezkerreko presidenterik izan eta ez dakite zer diren ezkerreko politikak". Jende askok beldur duela azaldu du kazetariak eta bereziki enpresari handiek: "Eliteek pribilejioak galtzeko beldurra dute".