Faktoria
Migrazio-bideak Amerikan
Mildred, Doña Amanda eta Amerikako migrazioaren ahotsak
Miren Rotaetxe | EITB Media
Chiapastik Ciudad Juarezera egin du Mikel Reparaz kazetariak eta Faktorian azaldu dizkigu ikusi, entzun eta bizitakoak: "Migratzaile asko daude Juarezen ez aurrera ez atzera, Bidenen politika bestelakoa zela pentsatuta".
-
Migratzaileentzako zentroa Chiapasen
12:10 min
Ugandatik Estatu Batuetarako bidea egin du Mildredek, 62 urteko amarekin batera. Ugandako sorterritik Kongora egin dute; handik, ontziz, Ekuadorrera; eta Panamako oihana zeharkatuta, Ertamerikatik Chiapasera (Mexiko). Mikel Reparaz ETBren nazioarteko arloburuak hitz egin du Mildredekin eta Euskadi Irratiko "Faktoria"-n azaldu duenez, gazte ugandarraren profila ez da ohikoa: "Profila ez da ohikoa, ez, baina istorioa bai, lapurretan jasan dituztelako eta sexu erasoak".
Mildreden istoriarekin batera, Doña Amandarena kontatu digu Reparazek, migratzaileei laguntza eskaintzen dien emakume mexikarrarena: "Chiapasen mila arrisku hartzen dituzte migratzaileek; droga kartelak eta talde kriminalak daude, bahiketa eta bortxatzeak; eta Doña Amandak aterpea eskaini die". Mexiko geroz eta emakume gehiagok zeharkatzen dutela azaldu du kazetariak eta jatorria aldatzen ari dela: "Venezuela, Nikaragua, Kuba, Haiti eta Senegalgo jendea ari gara ikusten".
Chiapasetik Chihuahuara egin du Reparazek, Ciudad Juarez hiri mugakidera: "Migratzaile asko daude ez aurrera ez atzera, Joe Bidenen politikak bestelakoak zirela pentsatuta". Estatu Batuetara egieko pasabideak azaldu ditu, ibai eta errepide bidezkoak. AEBetako presidentearen politikaz esan du, Trumpen diskurtsoa irauli arren, mugan ezer gutxi aldatu duela.